Kazeta

Bernadette Jougleux Kanboko auzapez berria

Joan den uztailaren 22an, Kanboko auzapez berria bilakatu da Bernadette Jougleux. Vincent Bruren  (LRM) lehen axuanta zenak diputatu berriaren segida hartzen du beraz.

Bernadette Jougleux, Kanboko auzapez berria da. © Kanboko Herriko Etxea
Bernadette Jougleux, Kanboko auzapez berria da. © Kanboko Herriko Etxea

Faboritoa zen, eta bozak irabazi ditu. Joan den uztailaren 22an, Kanboko auzapez berria bilakatu da Bernadette Jougleux, herriko kontseiluak horrela hautaturik. Gehiengoaren hautagai gisa aurkeztu zen. Orain arte, Vincent Bruren (LRM) lehen axuanta zen, baina Bru diputatu bilakatu berri denez, haren segida hartzeko aurkeztu zen Argitxu Hiriart-Urruti abertzalearen kontra. Hogeita bederatzi bozetarik hogeita lau eskuratu ditu Jougleux-k, zuri bakarra, berarena.

Auzapez berria dena duela aspaldi sartu zen politikan. Hain zuzen ere, 1977an jadanik, Michel Labéguerieren ondoan hautatua izan zen Kanboko Herriko Etxean. Ondoren, hainbat agintaldi ukan ditu, noiztenka oposiziotik gehiengora pasatu delarik. Horrela egin zuen behintzat Vincent Bruren lehen agintaldian.

Abertzaleen nahigabea

Abertzaleentzat aldiz, Bernadette Jougleuxren hautestea ez da berri ona. "Euskararentzat biziki beldur gara", adierazi du Nathalie Aiçaguerrek. 2020Ko hauteskundeak jadanik prestatzen ari dela EH Bai ziurtatu du. Jougleux-renaz gain, beste hautagai batzuk aurkeztuko zirela uste zuten, azken egunetan aurreikusi zen legez, baina halakorik ez da gertatu.

Argitxu Hiriart-Urrutirentzat berriz, Jougleux ez da bere karreran beti langile sutsua izan. "Errobiko herri elkargoan zelarik, behin baizik ez zen bilkuretara etorri, bukaera arte egon gabe". Bestalde, euskal elkargoa bozkatu zen egunean, abstenitu zen. Ez, esperantza handirik ez dute abertzaleek Jougleux-ri dagokionez.