Iurre BIDEGAIN

Zezenaren taldea : "Estiloz aldatu dugu baina funtsa bera da, gure arteko delirioak"

"Patatra" diskoa kaleratu berri du Zezenaren Taldeak. Estilo ezberdinak jorratzen dituen ekoizpenak musikarien "delirioari" segida bat eman dio. Asteburu honetan ekoizpen berria aurkeztuko dute Bunuze eta Oreretako bestetan. Jokin Irungarai eta Patxi Oillarburu kideek bira ondoren, taldeak 2018 bukaeran pausa bat eginen duela iragarri dute.

Badira hamar urte Zezenaren taldea oholtza gainera igo zela. Tronpeta jotzailearen izen goitiak zentzua eman zion urte hauetan iraun duen delirioari. Patxi Oillarburu baxuak irriz azaldu duenez, taldeko kideak "Zezena beraren erresumako errefuxiatu politikoak" dira. Nahiz eta publikoak batzuetan, agian, beren mundua ulertzen ez duen, haientzat garrantzitsuena egiten dutenaz gozatzea da. Eskaintzen duen musikaz harro izatea. Lagun talde honek bururaino eramaten duten xedeak dira.

Iragan uztailaren 18an Itsasun beren azken lana aurkeztu zuen Zezenaren taldeak: "Patrata". "Punk boltxebiketik urrundu eta post rock punk galaktikora pasa gara", dio irriño batekin Jokin Irungaraik. Oillarburuk azalpenari ondokoa gehitu dio: "estiloz aldatu dugu, baina funtsa bera da, gure arteko delirioak".

"Gehiegikeria eta zirtzileria" bezala definitu dute azken lana. Bi urtez horretan lan egin dute eta emaitzarekin "kontent" direla aitortu dute bi artistek. "Urduritasun pixka sentitzen dugu, ez dakizulako sekulan publikoak bat eginen duenez zure delirioarekin. Espero dugu Euskal Herriak maitatuko duela", erantsi du bateria joleak.

Birari hasiera eman behar zioten EHZ festibalean. Nahiz eta jaialdia bertan behera gelditu zen Kanboko Gaztetxean antolatu zuten sostengu gaualdiak jotzeko parada izan zuten. Hortik aitzina ez dira gehituko. Ipar Euskal Herrian, zein Hegoaldeko oholtzetara igoko dira. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko publikoarengana gehiago heldu nahiko lukete.

Hamar urte eta milaka bizipen

2007an abiatu eta Irungaraik aipatu duenez, ez zuten espero hainbeste irautea. "Hain lagun talde ona bilakatu gara, non gauzak segitu baitu. Musika aldetik seriosagoak gara eta urrunago joan gara", azpimarratu du.

Haatik, 2018ko bukaeran pausa bat egiteko mementoa ailegatuko zaio Zezenaren taldeari.  "Aproposa izanen da segidari buruz hausnartzeko. Life is life", dio Irungaraik.