Xan Idiart

Baionako Herriko Etxeak euskoa onartu du

Uztailaren 19an, Baionako Herriko Etxea euskal monetako elkarte kide bilakatu da. Lehen pauso batean, hiriarenak diren hiru egituratan erabiltzen ahalko da euskoa.

Baionako Herriko Etxea euskal monetako elkarte kide bilakatu da.
Baionako Herriko Etxea euskal monetako elkarte kide bilakatu da.

Aho batez alde bozkatu dute Baionako Udaleko alderdi guztiek. Oraindik goiti, hiriarenak diren hiru egituratan erabiltzen ahalko da euskoa, sos idorrez zein elektronikoz. Euskoa onartzen duten tokiak horiek dira: hiriko bi igerilekuak eta mediateka. Erabaki hori, uztailaren 19an bozkatu zuten, eta ondikotz, euskal moneta elkartea “oso pozik” agertu da.

“Hiru egitura horiek esperimentazio gisa erabiliak izanen dira hasteko” azaldu du Dante Edmek, euskal monetako kideak. Dena ongi pasatuz gero, beste egitura batzuetara zabalduko zaie euskoa erabiltzeko eta onartzeko ahalmena.

Bozkatzeko unean, Herriko kontseiluko alderdi guziek goraipatu dute euskoa. Horien artean Colette Capdevielle badago. Diputatu ohia denak oroitarazi du euskoa eredutzat hartzen dela Legebiltzarreko txostenetan. Euskal Herriari buruzko irudi ona ematen duela horrek uste du Dante Edmek. “Bide horretan segitzeko nahia ematen digu behintzat”.

Beste hiriak

Baiona ez da euskal monetako elkarte kide bilakatu den hiri bakarra. Bera aitzin, beste hiru bazeuden jadanik: Hendaia, Uztaritze eta Lekorne hurrenez-hurren. Dante Edmek erran duenez, oraindik arazoak badira euskoa instalatzeko Hendaiako Herriko Etxean. Lekornen ere beranta hartu dute, “baina ez da deus larririk”.

Etorkizunean, beste hiri eta herri batzuek euskoa onartuko dutela espero dute Euskal Monetakoek. Izan ere, sekula baino beharrezkoago iruditzen zaie euskoa. “Bertako saltzaile eta ekoizleak laguntzen ditugu moneta horrekin. Bestalde, euskoarekin espekulaziorik ezin da egin”.