Kazeta

Konponbide gosez ekimenaren aldeko babesak biderkatzen dira

Konponbide gosez deituriko ekimena abiatu zutenez geroztik, Ipar Euskal Herriko hainbat eragileen babesa jaso dute gazteek. Baraualdia burutzeaz gain, uztailaren 22ra arte Euskal Herriko gatazka politikoari buruzko eztabaida, hitzaldi eta film proiekzioak antolatu dituzte Hiriburun.

EIPKk barauldia egiten ari diren gazteei babesa helarazi dio. ©Konponbide Gosez
EIPKk barauldia egiten ari diren gazteei babesa helarazi dio. ©Konponbide Gosez

Euskal presoen eskubideen defentsan, baraualdian segitzen dute Hiriburun elkartuak diren gazteek. Uztailaren 8an Konponbide gosez deituriko ekimenari hasiera eman zutenez geroztik, Ipar Euskal Herriko hainbat eragile ekimenera hurbildu dira babesa helarazteko. Horien artean, Txetx Etxeberri bakearen artisaua, Jean-Daniel Elichiry Ipar Euskal Herriko elkartasun elkarteen zuzendaria, baita Martine Bouchet bakegile eta CADEko kidea ere.

Gisa berean, baraualdiaren lehen gaualdian Anaiz Funosas eta Michel Berhocoirigoinen bake prozesuari buruzko hitzaldia eskaintzeaz gain, elkartasuna adierazi zieten mobilizatuak diren kideei. Iniziatiba txalotu eta eskertu zuen Bake Bideako lehendakariak. Bakearen artisauak honakoa nabarmendu zuen: "Zuen ekimenak marrak mugiaraziko ditu".

Halaber, igandean, Euskal Iheslari Politikoko kideak Hiriburun instalatu duten karpara hurbildu ziren. Sare sozialen bidez, ordea, Aitzina gazte antolakundeak mobilizatuak diren gazteek zabaldu duten Gazte Adierazpena sostengatu du.

Elkarretaratzeak egunero

Baraualdiak iraunen duen bitartean, egunero elkarretaratzeak prestatu dituzte 19.00etan. Uztailaren 14ean eta 21ean ekimena beste herrietara zabalduko da: Baiona, Donibane Garazi eta Maulera, hain zuzen.

Bitartean, hamabost egun hauetarako egitarau sakona prestatu dute Konponbide gosez dinamikaren karietara. Uztailaren 10ean "Presondegiko borrokak" lemapean hitzaldia proposatuko dute. Asteartean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bere eztabaidaren emaitzen lehen aurkezpen publikoa eginen du. Gainera, datozen egunerako dokumentalak, hitzaldiak eta bertso saioa antolatu dute. Azken egunean, hots, uztailaren 22an, gazteek prentsaurreko masiboa eskainiko dute.