Kazeta

Bidaxuneko ahate hazkundeak aurkeztutako helegitea ezeztatu du justiziak

Paueko epaitegi administratiboak La Bidouze ahate hazkundeak aurkeztu duen helegitea ezeztatzea erabaki du uztailaren 5ean.

Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten ekainaren 14ean. ©Isabelle Miquelestorena
Ahatekume guztiak Bidaxuneko etxaldetik atera zituzten ekainaren 14ean. ©Isabelle Miquelestorena

Pirinio Atlantikoetako prefekturak Lataillade familiaren etxaldeko ahateak hiltzea agindu eta, erabakiaren kontrako helegitea aurkeztea erabaki zuen familiak. Uztailaren 3an Paueko epaitegi administratiboak kasua aztertu ondoren, errekurtsoa deuseztatzea erabaki du epaileak, Pampi Saint-Marie ELBko bozeramaileak azaldu duenez.

Ahate hazkundeak justiziaren deliberoari dei egitea aurreikusi du. Horretarako, Estatu kontseilura jo beharko luke. Azken horrek auzia lantzeko gaitasuna ukanen luke.

Oroitarazi behar da prefekturak etxaldeko ahateak hiltzea agindu ondoren, analisiek ahatekumeak sanoak zeudela frogatu zutela. Hori dela eta, kabalak salbatzeko deia luzatu zuen ELB sindikatuak. Ekainaren 14ean, ahatekume guztiak etxaldetik atera zituzten.

Egun batzuk beranduago polizia etxaldera hurbildu eta etxaldeko arduraduna galdekatu zuten ikerleek. Horrez gain, kontabilitatearen dokumentuak baita bezeroen zerrenda eraman zuten.