Kazeta

Aratz Gomez eta Arkaitz Saez presoak Mont de Marsanera hurbildu dituzte

Estatu frantsesean kondena betetzeko eskaera onartu diete Aratz Gomez eta Arkaitz Saezi. Hori dela eta, Mont de Marsaneko espetxera hurbildu dituzte. Unai Paroti, ordea, galdea errefusatu diote. Azken horren egoera salatzeaz gain, euskal preso guztien hurbilketa aldarrikatu du Bagoazek.

Presoen senideek Euskal Herriratzearen aldeko banderolak eraman dituzte. (ARGAZKI PRESS)
Presoen senideek Euskal Herriratzearen aldeko banderolak eraman dituzte. (ARGAZKI PRESS)

Aratz Gomez, Arkaitz Saez, Unai Parot, Juantxo Esnal eta David Gramontek Estatu frantsesean kondena betetzeko eskaera egin zuten 2015ean. 2016eko martxoaren 14ean Esnal eta Gramont aske utzi zituzten. Bagoazek azaldu duenez, besteek erantzun ezkorra jaso zuten. Hori dela eta, erabakiari dei egin zioten. Epaileek Gomez eta Saezi Estatu frantsesera lekuz aldatzea onartu diete. Unai Paroti, ordea, ez.

Arkaitz Saez ekainaren 20ean Réauko kartzelara eraman zuten eta biharamunean Gomez. Bederatzi egun beranduago, bi euskal presoak Mont de Marsaneko espetxean sartu zituzten. Unai Parotek Puertoko kartzelan segitzen du, bere etxebizitzatik 2.000 kilometrotara.

Bagoazek Saez eta Gomezen lekualdatzea "berri on" bat dela dio. Haatik, "preso guztiak hurbilduak eta batuak izan daitezen" aldarrikatu du. Ildo horretatik, Paroten egoera "onartezina" dela nabarmendu du.

"Frantziara lekualdatua izatea galdetzen dugu, baldintzapeko askatasun bat lortzeko. Ber zentzuan, 28 urtez preso diren Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Aranbururen egoera salatzen dugu eta baldintzapeko askatasuna ukan dezaten galdegiten dugu", gehitu du kolektiboak.

Heldu den asteetan antolatuko diren ekimenetan, baita Bakearen artisauek azaroaren 9an Parisen antolatu duten manifestazioan ere parte hartzeko deia luzatu du Bagoazek.