KAZETA

Brebeta osoa euskaraz pasatzeko aldarria

Zientzietako froga euskaraz pasatu ahal izatea galdeginen dute ekainaren 29an. Seaskak dituen hiru kolegioetan elgarretaratzeak antolatu dituzte.

Seaskako Ikastolen Kontseiluko 34 ikastoletako 110 ordezkarik brebeta euskaraz pasako duten ikasleei sustengua erakutsi zieten.
Seaskako Ikastolen Kontseiluko 34 ikastoletako 110 ordezkarik brebeta euskaraz pasako duten ikasleei sustengua erakutsi zieten.

Errektoretzaren erantzuna ekainaren 6an iritsi zen. Brebetako azterketa baino egun guti batzuk lehenago. Alta, zientzietako froga euskaraz pasatzearen galdea joan den azaroan egin zuen Seaskak eta Administrazioaren ezezko borobilaren aitzinean, erantzuna prestatu du jada. Elgarretaratzeak antolatu ditu, ostegunean eguerdiko ordu batean, Seaskak dituen hiru kolegioen aitzinean.

Donibane Garaziko Zitadelan, Kanboko Errobin eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioetan eginen ditu. Gisa horretan, ikastetxe horietan 3.eko klasean eskolatuak diren 157 ikasleek Kolegioen Erreformak gehitu duen froga berria urte osoan prestaketarako erabili duten hizkuntzan iragatea galdetuko dute.

Gainera, Seaskak Errektoretzari eskatu dio deituko dituzten zuzentzaileak, euskaraz idatziak diren kopien zuzentzeko gai izan daitezen, baina oraindik ez du erantzun baikorrik jaso. Alta, ikasle askok ukaten ahalko lukete beharra, "Ipar Euskal Herrian diren 28 kolegioetatik 13 kolegio publiko, pribatu eta Seaskan zientziak edo Biologia kurtsoak euskaraz emaiten dira", oroitarazi du Seaskak.