Idoia ERASO

Larrungo gailurra eta trenaren itxura berritzeko bidean

Larrungo trena eta inguruak berritzeko egitasmoa burutu du Pirinio Atlantikoetako departamenduak. Obrak 2019an abiatuko lituzke. Proiektuak 35,9 milioi euroko kostua izanen du. Finantzatzeko partaide instituzionalen bila dabilela azaldu dute.

Egitasmoaren baitan, bi tren berri ere erosiko dituzte.
Egitasmoaren baitan, bi tren berri ere erosiko dituzte.

Mendi sakratua da Larrun. Nafarroa Garaia eta Lapurdiren artean kokatua, euskal nortasunaren sinbolo eta mendizaleentzako erreferente da. Mistizismo horretatik harago, urtero tren ttipiarekin igotzen diren 350.000 pertsona ingururi ere egin behar die harrera. Erabilera handi hori dela eta, trenbidea bera, San Inazio lepoan aurkitzen den beheko geltokiaren ingurua eta tontorrekoa berritu eta berregituratzeko plana egin dute Pirinio Atlantikoetako Departamentuak eta gunea kudeatzen duen Altuerako Guneetarako Erakunde Publikoak. Lanak 2022ko denboraldi turistikoaren hastapenerako bukatuta izatea da xedea, Garako artikuluak azaldu duenez.

Urtetik urtera bisitarien kopuruak gora egiten du: 2016an 364.033 bidaiari izan zituen, 2015ean baino %7,7 gehiago. Igoera hori erakunde publikoetatik inolako esfortzu berezirik egin gabe etorri dela ere nabarmendu zuen Jean-Jacques Lasserre Departamentuko presidenteak, aurreko astean Saran egindako aurkezpenean. Bertan bi erakunde sustatzaileetako ordezkariekin batera Larrun inguruan dauden Lapurdiko hiru herrietako auzapezak elkartu ziren, Sarako Battitt Laborde, Urruñako Odile de Coral eta Azkaineko Jean-Louis Fournier. Hiru udal horiek bezala, partaide xerkatuak diren Euskal Elkargoak, Estatuak, Europar Batasunak eta Akitania Berria Eskualdeak ez dute finantziazioa hitzartu. "Konfiantzarekin hasi gara, dena lotuta izan arte ez bada egiten, ez da inoiz hasten", adierazi zuen Lasserrek. Egitasmoak egokitu nahi duen tontorraren erdia Lapurdi bada ere, beste erdia Nafarroa da; egitasmoa maiatzean aurkeztu zieten eta lehen bilera ofiziala uztailean izanen da.

San Inazio lepoa eta tontorra

Proiektuaren sorrera kremailera trenaren zahartzean aurki daiteke, 1924an estreinatu zen eta denbora eta erabileraren ondorioz hondatzen joan da; hala, berritzea derrigorrezkoa da. Azpiegiturak eta trenak berritu egingo dira, eta bi tren berri ere erosiko dira. Egun lau tren elektriko dira, lokomotor bana eta bina bagoirekin. Nasak, geltokiak eta trenbidearen parte bat berregingo dira. Erosiko diren beste bi trenek itxura bera izango dute, garai bateko estiloa atxikitzeko, baina hibridoak izango dira, elektrizitateaz gain diesela ere erabiltzeko aukerarekin. Hautu hori larrialdi egoeretan pentsatuz egin dute, argindarra joango balitz ere tontorrean leudeken pertsonak jaitsi ahal izateko. Bi tren berriak elbarrientzat egokituak egongo dira. Hain zuzen ere, azpiegiturari dagokion atal honek hartuko luke proiektuaren aurrekontu handiena, 20,6 milioi euro.

Trenaren lanekin hasita, geltokia eta harrera tokia duen San Ignazio lepoaren ingurua ere berregituratzeko egitasmoa dago: segurtatu eta balioa ematea. Gaur egun, geltokiaren inguruko aparkalekuak txiki geratuta daude, eta, uda partean bereziki, bidearen bazterrak nolanahi aparkatutako autoekin beteta egoten dira, baita ibilgailuetatik trenaren harrera tokira joaten diren oinezkoekin ere, egoera arriskutsuak sortuz. Hori dela eta, aparkatzeko 500 toki berri egitea aurreikusi da. Horri loturik Interneteko salmenta sustatzea aurreikusten da, horren bitartez ilarak laburtu eta aparkatutako auto kopurua jaitsiz.

Larrunera igotzeko geltokia Azkaine eta Sara arteko bidean dagoen lepoan kokatzen da. Bi herrien arteko bide horretan, trenari loturikoa alde batera utzita ere, trafikoa aski handia da. Hori dela eta, egitasmo berrian handik iragaten den bide departamentala desbideratzea aurreikusten da, eta gaur egun harrera tokia eta tabernen artean dagoen bidea kenduta gune zabal bat egitea, non eskaintza berriak izango diren: paseatzeko toki bat, piknikak egin eta atseden hartzeko gune bat, eraikin berri bat komunekin eta ostatu batekin, dendak, turistentzako informazio gunea...

Trenaren helmuga 905 metrora dagoen tontorra da, Nafarroa Garaiaren eta Lapurdi artean banatua. Berako aldean hiru benta daude, eta Sarako aldean antenak. Azken alde horretara heltzen da trena, eta goraino joateko eskailera batzuk daude orain. Proiektuak egituraketa hori aldatu nahi du, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzat egokia litzatekeen arrapala bat egin, horren bitartez bistak ikuspegi berrietatik ezagutzeko parada emanez.

Gune honetako beste lan nagusietako bat pareta bertikalei lotutako pasarela bat eraikitzea litzateke, antenak dauden tokiaren ingurutik Berako bentak dauden tokira arte. Gunearen balorizazioa tresna dibulgatibo eta didaktikoen bitartez ere egin nahiko lukete, tresna digitalen bitartez, besteak beste. "Tontorrak ez du gauza handirik paisaiaz gain, eta bestelako zerbitzuak proposatu nahi ditugu", esan zuten Departamentutik.

Larrun mendia bera eta tren ttipia Lapurdiko eta orokorrean Ipar Euskal Herriko gune turistiko enblematikoena dira, urtean bisitari gehien erakartzen dituen bigarrena den Biarritzeko Itsas Museoaren oso aurretik. Euskal Herriko kremailera tren bakarrak 35 minututan 4,2 kilometro egiten ditu, eta 9 kilometro orduko abiaduran 736 metro igotzen ditu. Horri Sara, Azkaine, Urruña eta Berako gune ezberdinetatik oinez bi oren eta erdi inguruko ibilbidea egin eta gero gailurreraino heltzen diren milaka mendizaleak gehitu behar zaizkio.

Bertaratzeko era ezberdinak alde batera utzita, gune turistiko ezaguna egiten duena bertatik dagoen ikuspegia da; Michelin gida berdeak hiru izar ematen dizkio. Larrungo puntatik Euskal Herri osoko lurraldeak ikus daitezkeela diotenak ere badira, baina seguru dena lainorik ezean Pirinioak, itsasoa, euskal lurraldeak eta Landak ikus daitezkeela da. 360 graduko ikuspegiarekin euskal orografiaren aniztasuna atzeman daiteke, Landetako hondartza zurien marrarekin bat.

Trenaren xarma ukatu gabe, oinez igota mendia euskal tradizioan kokatzen duten arrazoietako batzuk ezagutzeko parada ere bada. Hala ere, harrespil eta tumuluak atzemateko begi zorrotza behar da; Larrungo “Larre on” dago horien artean.