Untxin ibaiaren kutsaduraren kontrako salaketa aurkeztuko dute

Pirinio Atlantikoetako Arrantza federakuntzak Utxin ibaiaren kutsaduraren kontrako salaketa aurkeztuko du aste bukaeran. Cade eta Sepanso 64 elkarteek, aferari dagokionez, "urrunago" joateko deia luzatu diote Eskualdeko Osasun Agentziari.

Iurre BIDEGAIN|21/06/2017 15:05
St_jean_de_luz_la_baie_2_ot_saint-jean_de_luz
Kutsadura dela eta egun batez hetsi zituzten hondartzak. © Donibane Lohizuneko Turismo bulegoa

Ingurumenarekiko erakundeak dituen printzipioek gidatuta, salaketa bat aurkeztea erabaki du departamenduko Arrantza federakuntzak. Guillaume Barranco instituzioko zuzendariak aipatu duenez, aste bukaeran aurkeztuko du Donibane Lohizuneko komisaldegian. Oroitarazi behar da, nitrogenoz beteriko ziterna bat arraildu eta hogeita hamazazpi mila litro produktu isuri zirela Untxin ibaira eta ondotik ozeanora ekainaren 16ean. Hori dela eta, Ziburu eta Donibane Lohizuneko hondartzak hetsi zituzten egun batez. 

Gertakariak fauna eta flora hunkitu zituen. Barrancok dioenez, "arrain gehienak hilak agertu dira". Arrantzaleei dagokienez, "zerotik hasi behar" direla deitoratu du. "Eskerrak errekek berriztatzeko gaitasuna dutela. Haatik, nabarmentzekoa da hilik agertu diren arrainen artean migratzaileak daudela. Bereziki aingirak, jakinik desagertzeko arriskuan daudela", azaldu du zuzendariak. 

Jendarmeek ikerketa abiatu eta kasua beren gain hartu dute. Federakuntzak salaketa aurkeztu ondoren, segida judiziala izango dela nabarmen du.

"Ideologia itsua"

Gisa berean, CADE eta Sepanso elkarteek ere gertakaria deitoratu dute. Beren aburuz, naturaren kontrako "eraso bat gehiago" da. Agiri batean aipatu dutenez, bainatzeko urei buruzko ideologia "itsua da". Horrekin bat egiten dutenen helburua turismoaren arrakasta lortzea dela diote elkarteek.

Uraren kutsaduraren arazoari bizkarra ematen diotela uste dute. Hain zuzen, gaur egun uren kutsadura "bakteriologiko, kimiko eta erradioaktiboa" dela azpimarratu dute. Jarrera horren kalteak "biktima inozenteek" pairatuko dituztela pentsatzen dute.

Egoera ikusita, CADE eta Sepanso elkarteek Eskualdeko Osasun Agentziari "urrunago" joateko deia luzatu diote. Halaber, itsasoa eta itsasbazterraz arduratzen den Natura 2000 erakundeari baita, "Euskal Kostako antolaketa eskema eta uren kudeaketa" eta Direktiba Kuadro Estrategia Itsasingurumenari bilkura bat eskatu diete. Batez ere, ingurumenaren kontrako eraso honen segida landu dezaten.