Kazeta

Emmanuel Macronek bere alde du legebiltzarra

Gehiengo absolutu argia lortu du presidente frantses berriak. Lehen estimazioen arabera, 350 diputatu izango ditu La République En Marche taldeak.

Emmanuel Macronek bat-bateko igoera bat ezagutu du politikan, 39 urterekin.
Emmanuel Macronek bat-bateko igoera bat ezagutu du politikan, 39 urterekin.

Inkestek ia 400 hautetsirekin irabaziko zuela iragarri zuten. Hainbesterekin ez, baina Emmanuel Macronek garaipen argia lortu du frantses legebiltzarreko hauteskundeen bigarren itzulian. Igande arratseko estimazioen arabera, 350 aulki ditu La République en marche mugimenduak legebiltzarrak 577 dituenean. Gisa horretan Emmanuel Macronek gehiengo absolutuarekin abiatzen du legealdia.

Errepublikarrak eskuineko alderdiak lortu du bigarren posizioa, 130 diputaturekin, UDIkoak kontatuz. Alderdi Sozialistak, berriz, 33 ditu, Ferdeak eta Ezkerreko Alderdi Erradikala kontutan hartuz gero. Frantzia Intsumituak azkenean talde parlamentario bat osatzen ahalko du 17 hautetsi lortu baititu, Jean-Luc Mélenchonena barne. Hola, ez du Alderdi Komunistaren 1O diputatuen beharrik izango. Azkenik, Fronte nazionalak 8 diputatu ditu, lau aldiz lehen baino gehiago, baina ez aski talde bat osatzeko.

Lehen erreakzioa, arratseko 8etan, Alderdi sozialistako Jean-Christophe Cambadélisena izan da. Idazkari nagusi postua utziko duela iragarri du, esanez : "Ezkerrak dena aldatu behar du, forma eta mamia, bere ideiak bere antolaketa bezala, ziklo berri bat hasi behar du". Ondoan, Frantzia Intsumituko hautetsi berriek, Emmanuel Macronen proiektuaren oposizio argian aurkeztu dute haien burua.