Maite UBIRIA

Berrikuntza baino, egokitzapena nagusitu da Ipar Euskal Herrian

Ekainaren 11n abiatuko diren Legebiltzarreko hauteskundeei begira, akordioek baldintzatua, Euskal Herrian berrikuntzak baino birkokapenak nagusitu dira.

Orotara, 43 hautagai lehiatuko dira Legebiltzarreko hauteskundeetan. ©Isabelle Miquelestorena
Orotara, 43 hautagai lehiatuko dira Legebiltzarreko hauteskundeetan. ©Isabelle Miquelestorena

Ekainaren 11n izango diren legegintzako hauteskundeen lehenengo itzulirako 43 hautagai lehiatuko dira Euskal Herrian, Garako artikuluak azaldu duenez.

Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko herritarrek hiru hautesbarrutietan eman dezakete boza. Bi hiri nagusiak, Baiona eta Angelu, bere baitan hartzen dituen bosgarren barrutiak erakarri ditu hautagai gehien, hamabost ordezkari lehiatuko baitira bertan frantziar Asanblea Nazionalean postua lortzeko.

Hautagaitzak begiratuta, nabarmendu daiteke berrikuntza baino egokitzapena nagusitu dela. François Bayrou Justizia ministro bearnesak eta Emmanuel Macron frantses presidente berriak sinaturiko akordioa lege bilakatu da Pirinio Atlantikoko departamenduan bezala Euskal Herrian ere.

La Republique en Marche-k (LREM) izendatu dituen hautagaiak gehienetan MoDem alderdikoak dira edo, bederen, proiektu zentrista begi onez ikusi ohi dute. Neurri handi batean, Paueko Kontseiluan Jean Lasserrek eratutako Forces64 taldea izan da eredu hautagaitzak banatzeko orduan. Lasserreren esku-hartzeak ondorioak izan ditu, ez denak baikorrak berrikuntza bere diskurtsoaren ardaztzat hartu duen alderdi batentzat.

Florence Lasserre-David bere alaba eta hautetsi angeluarra izango da hautagai bosgarren barrutian eta Vincent Bru auzapez kanboarra seigarrenean.

Bi izendapen horiek ika-mika sortu dute, bereziki 2012an Michele Alliot-Marie eskuindarraren ordezko gisa aurkeztu zen Bru-ren kasuan. Are, hautetsi kanboarraren aurka ezarritako barne salaketak –Bru-k sexu bereko pertsonen ezkontza ahalbidetu zuen legearen aurkako agiria izenpetu zuelako– aurrera egingo zuelakoan, François Amigorena Biarrizko auzapez-ordeak bere izena aurkeztu zuen Prefekturan. Helegiteari buruz inolako erantzunik ez duelako jaso kexu azaldu da Amigorena, LREMek "bere balioak defendatzen ez dituen hautagaia babestu duela" irmoki salatuz.

Macronek Euskal Herrian zituen beste hainbat defendatzailek isilago jokatu badute ere, agerikoa da gehienek ez dutela kanpaina sutsua egingo. Halere, barne tirabirek macronismoak Euskal Herrian gorpuzteko aukerak mugatuko dituzten edo, oztopoz oztopo, estatu dinamikari esker presidentzialetan lorturiko garaipena berretsiko duen jakiteko lehen itzulia pasatu arte itxaron beharko da.

Banaketa nonahi

Itsasoa ez dago bareago beste alderdien barruan. Aliantzak hautsi dituzte, lehenengo itzulirako bederen, Les Republicains alderdi eskuindarrak eta UDI alderdi zentrista txikiak. Biek hautagaiak aurkeztuko dituzte euskal eremuetan. Fronte Nazionala eta Debout la France arteko harremana ez da sendoago agertzen. Eskuin-muturra eta eskuin-subiranista aurkari izanen dira euskal barrutietan ere.

Ezkerrera begiratuz gero, zaharrak berri. La France Insoumisek Front de Gauchetik elikatu da gehienbat Euskal Herrian hautagaiak aurkeztu ahal izateko. Alderdi Komunistak, ordea, hiru barrutietan bere hautagaiak aurkeztuko ditu.

Euskal Herrian legegintzako boz hauek badute hainbat berezitasun. Jardunean diren hiru diputatu berrautatuak izateko aurkeztuko dira. Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle sozialistek lurralde elkargoaren eta gatazkaren konponbidearen alde eginiko lana aldarrikatuko dute. Izan ere, 2012an ez bezala, ez dute alderdi eta proiektu politiko sendo bat atzean. Bereziki lehenak Benoît Hamonen alde hautua egin zuela oroitarazi behar da. Hautesbarruti mistoan Jean Lasalle jardunean den diputatu zentrista bere kasa aurkeztuko da, Résistons! mugimenduaren izenean.

Aurpegi aldaketa handirik ez, beraz. Eta aitzinamendu handirik ere ez emakumeen presentziari dagokionez. Euskal Herrian aurkeztuko diren 43 hautagaietatik 15 baizik ez dira emakume; aurreko legegintzako bozetan, aldiz, 18 izan ziren.

EH Bai koalizioak bi emakume aurkeztuko ditu zerrendaburu, Anita Lopepe 4. barrutian eta Laurence Hardouin 5.ean. Seigarrenean, Peio Etxeberri-Aintzart izango da zerrendaburua. Beste bi emakume, Maider Arostegi eta Caroline Oustalet, izendatu ditu Les Republicains-ek 6. eta 5.ean eskuinaren aukerak defendatzeko. EAJ-PNBk hiru gizon izendatu ditu zerrendaburu, Benat Arrabit (4.ean), Laurent Marlin (5.ean) eta Jean Tellechea (6.ean). Hiru hautagaien ordezko emazteak dira.