Arantxa MANTEROLA
Entrevue
Eguzki URTEAGA
SOZIOLOGO, HISTORIALARI ETA IRAKASLEA EHU-N

'Eskualde ezberdinak ordezkatzeko gaitasuna duela erakutsi beharko du Elkargoak'

"La Communauté Pays Basque. L’institutionnalisation du territoire" liburua argitaratu berri du baionarrak. Euskal Elkargoaren nondik norakoak azaltzen dituen argitalpenak publiko anitzari zuzentzea du xede. Ipar Euskal Herriko elkargo berriaren lehen urratsei buruzko iritzia aipatu dio Gara egunkariari.

L’Harmattan argitaletxean frantsesez argitaratu berri du liburua Urteagak. © Gaizka Iroz
L’Harmattan argitaletxean frantsesez argitaratu berri du liburua Urteagak. © Gaizka Iroz

Erakunde berriak gorpuzteko denborarik apenas izan duen arren, nola ikusten dituzu egin dituen lehen urratsak?

Urtarrilaren 1ean abian jarri zenetik, bi gertakizun nagusi izan dira. Lehena, aurrekontuaren onarpena. Atal horretan keinu adierazgarriak izan dira, adibidez, hizkuntza politikari zuzendutako dirua bikoiztu izana. Horrek erakusten du Euskal Erakunde Publikoan Euskal Elkargoaren ekarpena estatuaren, eskualdearen eta departamenduaren maila berean kokatu dela, aurrekontuaren %25 asumitu baitu. Batez ere sektore euskaltzale eta abertzaleentzat mezu sinboliko eta politiko indartsua suposatzen du horrek. Bigarren ekimen nabarmena armagabetzeari loturikoa izan da. Jean-Rene Etchegaray lehendakariak lidergoa asumitu egin du eta desarme prozesuan EAEko eta Nafarroako gobernuen maila politiko berean kokatu da, nahiz eta Euskal Elkargoak beste bi administrazio publikoek duten eskumen eta finantziazio mailarekin ez duen zerikusirik. Baina politikoki arrisku politikoa hartu eta armagabetzea ondo atera den heinean, Euskal Elkargoaren beraren legitimitatea maila handian ere handitu egin da.

Hasieratik potentzialitate handia ikusi diozu Euskal Elkargoari. Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean bere garaian horrenbeste adostasun lortu zuen Lurralde Kolektibitatearen pareko izatera irits daiteke zure ustetan?

Egia da 2013az geroztik Ipar Euskal Herriko eragile ezberdinak (alderdi, sindikatu, sektore ekonomikoak...) adostasun batera iritsi zirela Lurralde Kolektibitatearen inguruan. Eskaera hark Parisen ezezkoa jaso zuen, baina Estatuak ikusi zuen adostasun zabal horri nolabaiteko keinuarekin erantzun behar ziola. Orduan lau aukera proposatu zituen eta horietariko bat Euskal Elkargoa izan zen. Egitura hori malgua eta ebolutiboa da. Legeak eskumen obligatorio batzuk errekonozitzen dizkio (egun sei dira eta bi urte barru zortzira pasatuko dira) eta, horrez gain, hautazko eskumenak, fakultatiboak eta gehigarriak ere aurreikusten ditu. Horiei gehitzen ahal zaizkio eskumen delegatuak, gaur egun Estatuak, Erregioak edo Departamenduak dauzkanak. Akordio batera iristen badira, Euskal Elkargoari delegatzeko aukera dago, adibidez, hizkuntza politika, mugaz gaindiko lankidetza edota euskal kulturaren sustapena. Finean, prozesua aurrera doan neurrian, egoera berriak sor daitezke eta Lurralde Kolektibitate baten prefigurazioan aurkitu gaitezke. Potentzialitate hauek gauzatzeko, jakina, berebiziko garrantzia izango dute bai abilezia eta inteligentzia politikoak eta bai indar harremanak. Argi dago boto abertzaleak gora egiten jarraitzen duen heinean, gero eta ahalmen gehiago izango duela Ipar Euskal Herriko politikagintza baldintzatzeko, bere aldarrikapenak plazaratu eta kontuan hartzeko.

Elkargoak hutsune edo gabezia inportanteak ere baditu, halere; esaterako, kontseilariak hautatzeko modua...

2015ean 'Notre legea' eztabaidatu zenean, diputatu batzuek eskatu zuten kontseilariak sufragio unibertsalaren bidez hautatuak izatea, horrek zilegitasun politiko gehiago emango zielako eta gainerako erakundeekin (estatua, eskualdea, departamendua) negoziatzeko parekotasun handiagoa izango zutelako. Zuzenketak proposatu zituzten, baina ez ziren aurrera atera eta, momentuz behintzat, kontseilariak ez dira zuzenean hautatzen. Denborarekin egitura horrek eboluzionatzen badu eta Lurralde Kolektibitatea bilakatzen bada, orduan pentsa daiteke kontseilariak sufragio unibertsalez hautatuak izan daitezkeela. Hori inportantea da politikoki, baina baita aurrekontuei begira ere. Zergatik? Euskal Elkargoak fiskalitate propioa du pertsona eta enpresen gainean, baina beste finantziazio iturri inportantea da Estatutik datorren dotazioa. Azken bost urteotan dezente behera egin du diru hornidura horrek, eta horrek Elkargoak dituen eskumenak benetan garatu ahal izatea baldintzatu dezake.

Hain zuzen, Emmanuel Macron presidente hautatu berriaren egitasmoek zer eragin izan dezakete? Funtzionario publikoen kopurua jaisteko helburua jarri du bere programan (120.000 gutxiago, horietatik 70.000 lurralde kolektibitateetan), gastuak murrizteko bost urteko itun edo engaiamendua proposatuko du... Euskal Elkargoak nola egingo die aurre neurri horiei?

Preseski erronka nagusietarikoa hortxe kokatzen da. Macronek 50.000 milioi euroko murrizketa iragarri du. Horrek, nahitaez, eragina izango du lurralde erakundeen baliabide ekonomikoetan. Horrenbestez, etorkizunari begira, Euskal Elkargoak neurri fiskalak hartu beharko ditu; beharbada ez lehen bi urteetan, herritarrek erakunde berria presio fiskalaren igoerarekin lotu ez dezaten, baina gerora ezinbestean bere iturri propioak dibertsifikatu beharko ditu, berak kudeatzen dituen zergen tarteak berrikusiz edota zerga berriak sortuz.

Zeintzuk, adibidez?

Adibidez, bigarren etxeari buruzkoak. Ipar Euskal Herrian mota horietako etxebizitzen kopurua oso handia da. Biarritzen, esaterako, %40raino iristen da. Horiengatik ordaindu beharreko zergak igotzen ahal ditu. Beste aukera bat zorpetzearena izan daiteke. Administrazio publikoek erabiltzen duten ohiko mekanismoa da eta Elkargoaren zorpetze maila ez da oso altua. Eta Estatuarekin ere dotazioa negoziatu beharko du. Ahalmen horren tamaina indar harremanaren mailari eta izango dituen eskumenei lotua izango da. Gero eta eskumen gehiago eskuratzen dituen neurrian, dotazio horiek ere handiagoak izan beharko lukete, ze fiskalitate eta finantzamenduaren kontuek gainerakoak baldintzatzen dituzte.

Herri guztiek ez dute sentsibilitate bera Elkargoaren proiektua garatzeko orduan. Egiaz erakunde bakar bat bezala funtzionatzeko kontzientzia aski dagoela uste duzu? Adibidez, herri batzuek Euskal Elkargoari delegatutako konpetentziak berreskuratzeko tentaldia izan dezakete...

Elkargoaren sorrera prozesu luze baten ondorioa da. Instituzionalizazioaren eskaera batez ere 1960ko hamarkadatik landa berraktibatu zen Enbata abertzaletasun modernoaren mugimenduaren eskutik. Baina gero, 80-90eko hamarkadetan, mugimendu abertzalea sendotuz joan zen heinean, boto mailan ere gero eta presentzia eta ordezkaritza handiagoa eskuratzen hasi zenean, gainerakoen posizio eta joerak baldintzatzeko aukera ere handiagoa bilakatu zen. 2000tik landa instituzionalizazioaren eskaera gero eta sektore anitzagoak hunkitzen hasi zen. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak, Hautetsien Elkarteak, ELB eta CFDT bezalako sindikatuek ere, besteak beste, eskakizunari sostengua ekarri zioten, eta beraz, hedatu egin zen hasiera batean batez ere mugimendu abertzaleak bultzatzen zuen aldarrikapena. Horrez gain, biztanlerian egindako iritzi inkestek erakusten zuten gehiengoak bat egiten zuela aldarrikapenarekin. 2003an Batera plataforma sortu zenean inpultso berri bat hartu zuen eskaerak. Hala, momentu bat iritsi zen, non eskakizunak kontsentsu zabala zuen. Beste datu adierazgarri bat: Elkargoa sortzeko iaz herriko etxeetan birritan egin ziren bozketetan hautetsien %70ek baiezkoa eman zioten. Egia da badagoela sektore minoritario kritiko bat, batik bat gobernantzarekin edo herri txikiek izan dezaketen ordezkaritzarekin kezkatuta, baina gaur egun esan daiteke adostasun zabala dagoela Elkargoaren alde. Zilegitasun hori mantentzeko, hainbat erronkari aurre egin beharko die Euskal Elkargoak.

Zeintzuk lirateke, zure iritziz, nagusiak?

Bat izango da lehen aipatu ditudan eskumen obligatorioei hautazko eskumenak (fakultatiboak, suplementarioak edo delegatuak) gehitzen joatea. Bestea, finantziazioarena. Kapazitatea eduki beharko du diru iturri berriak lortzeko eskumen horiek gauzatzeko. Eta, hirugarrenik, gobernantzarena. Erakutsi beharko du Iparraldeko eskualde ezberdinak ordezkatzeko eta haien errealitatea kontuan hartzeko gaitasuna duela, eta, batez ere, modu efikazean kudeatzeko ahalmena duela; alegia, balio erantsi bat ekartzen diela herritarrei beraien eguneroko bizitzan, hots, hobekuntzak garapen ekonomikoan, enpleguan, garraioan...

Argitaratu berri duzun liburuan hau dena azaldu duzu. Zein publikori zuzendua dago zehazki?

Helburua da ahalik eta publiko anitzenak irakur dezan. Euskal Elkargoaz asko hitz egin da, baina bere jatorria, eskakizuna nondik datorren ez da menperatzen. Horregatik, perspektiba historikoa izan dezaten, liburuan atal oso bat dago historiari lotua, Frantziako Iraultzatik hona zer bilakaera izan den, zein izan diren instituzioaren inguruan mobilizatu diren aktore ezberdinak, baina baita ere zerk esplikatzen duen azken urtean egoera desblokeatu izana.

Zergatik izan da, bada?

Liburuan lau faktore desenkadenante aztertzen ditut. Bata, Ipar Euskal Herriko klase politikoan eta gizartean lortutako adostasun zabala. Bigarrena, boto abertzaleak izan duen gorakada, batez ere 2014ko eta 2015eko udal eta departamenduko hauteskundeetan. Boto abertzaleak langa bat gainditu egin zuen, bai lehen itzulian eta bai bigarrenean; hau da, bigarren itzulian arbitro izatetik alternatiba izatera igaro da. Esanguratsua da, adibidez, hauteskunde departamentaletan, hamabi barrutitik bostetan lehen edo bigarren iritsi eta 2. itzulirako sailkatu izana. Jauzi kuantitatibo eta kualitatibo horrek baldintzatu egin ditu gainerako indar politikoen eta Estatuaren beraren jarrerak. Hirugarren faktorea da 'Notre legea' onartu izana 2015. urtean. Handik eratorritako lurralde erreformak bi aldaketa eragin ditu: eskualdeen fusioaren ondorioz, Akitaniakoa bereziki makroerregio bilakatzen da eta testuinguru horretan, Ipar Euskal Herriak existitu nahi badu, nahitaez instituzio bat behar duela bistaratzen da; eta, bigarrenik, erreforma horrek eskualdeak eta mankomunitateak indartu egin ditu. Azken faktore desenkadenantea da 2011n ETAk armak uzteko hartutako erabakia. Horrek ahalbidetu egin du egoera desblokeatzea. Frederique Espagnac senatariak, adibidez, aitortu du Estatu mailan horrek erraztu egin duela luzaroan ezezkoa jaso duen eskakizunak bat-batean erantzun baikorragoa jaso izana nahiz eta ez den hasiera batean Ipar Euskal Herriko eragileek eskatzen zuten Lurralde Kolektibitatea. Lau faktore horien konjuntzioak libratu egin du egoera.