Kirurgia anbulatorioaren zerbitzua atxikitzearen alde mobilizatu dira Izpuran

Izpurako Luro fundazioko kirurgia anbulatorioa atxikitzea aldarrikatu dute hogeita bat auzapezek osaturiko kolektiboak. Heldu den urtean Baxe Nafarroako zerbitzua desagertuko litzateke. Horren kontra jotzeko manifestazio bat aurreikusi du taldeak ekainaren 3an.

Kazeta|24/05/2017 15:10
Gar_maires_ispoure_bobedme102
Ekainaren 3an manifestazio bat aurreikusi dute Izpuran. ©Bob EDME

Donibane Garazi, Baigorri eta Iholdiko herri elkargo ohiko hogeita bat auzapezek elkarretaratze bat antolatu dute maiatzaren 24ean Izpuran. Ekimenaren bidez, Luro fundazioko kirurgia anbulatorioaren zerbitzua atxikitzea aldarrikatu dute. Claude Barets Izpurako auzapezak dioenez, ARS Eskualdeko osasun agentziak heldu den urtean zerbitzua hestea aurreikusi du. "Ezin onartuzkoa" den erabakia da, kolektiboaren aburuz.

Auzapezen kolektiboak bere ezadostasuna adierazteaz gain, azalpenak eskatu dizkio agentziari. Hestearen arrazoiak eta helburuak jakin nahi dituzte. "Erran diguten gauza bakarra da diru galtzeak dituztela zerbitzuarekin", erantsi du. Kolektiboaren iritziz, zerbitzua mantentzeko aterabideak daude. Hala nola, mediku espezialista bat ekarraraztea.

Claude Baretsek nabarmendu duenez, 2015 eta 2016 urte artean ebakuntzen kopurua %15a igo da. 2015ean 600 bat operazio burutu zituzten fundazioan. Desagerpenaren arazoa zerbitzua mantentzeko egin beharko liratekeen obrak direla erran du. "Gaur egun fundazioa bera obretan da. Gure ustez gaur egungo egitasmoari aldaketa horiek gehitzen ahalko lituzkete. Ez dugu horren aldeko borondaterik sumatu", aitortu du.

Kolektiboak dioenez, kontsultak mantenduko dituzte baina operazioak egiteko aukera ez. Horrek erran nahi du, ebakuntzetarako Baiona edo Donapaleura joan beharko liratekeela pazienteak. "Aditu bat etorraraziz gero, pertsona bakarra mugituko litzateke".

Manifestazioa, ekainaren 3an

Auzapezak iaztik arazoari aurre egiten ari dira. Fundazio eta ospitaleko administrazio kontseiluarekin bildu dira. Halaber, Eskualdeko osasun agentziako ordezkari batekin elkartzeko aukera izan dute ere. "Agentziak zerbitzua bukatutzat eman du, jada", erantsi du.

Beren jarrera entzunarazteko manifestazio bat antolatu dute ekainaren 3rako. Arratsaldeko 15.00etan hitzordua finkatu dute Bricomarché saltokiaren parean. Mobilizazioak Izpurako karrikak zeharkatuko ditu biztanleak zerbitzua kentzean kontra daudela entzunarazteko.