Ixabel ETXEBERRIA

Determinazio eta aipamen

IRITZIA- Iragan asteko laborarien mobilizazioak aipatzeaz gain, komunikazio aniztasunaren beharra nabarmendu du irakasleak. Gune batzuek informazio libreagoa duten zabaltzeko aukera babestu behar da. "Informazio librea funtsezkoa da ideien mugimenduan, mugimendu horien defentsa garrantzitsua da".

Ixabel Etxeberria iruditan.
Ixabel Etxeberria iruditan.

Azken egunetan laborarien determinazioa ikusi dugu nonbait hartutako erabakiei aurre egiten, tokikoek, hunkituak diren profesionalek egoerari aurre egiteko aterabide sentsudunak dituztelako. Gobernuaren agindu bati, erabakiari aurrez aurreko erantzunak sekulako gaitasuna badu. Polizia, ongi armatua, igorririk ere, multzo baten determinazioak agintariak gibelera egitera eramaten ditu. Hau erreala da. Hau babesa da edozoin gertakariren aurrean, politikariek ez dituzte gako horiek ulertzen, komunikabideen bitartez ezin dute determinazio hau errez kriminalizatu, ez manipulatu. Alta, ez dira iraultzarako ideien garaia, edo txikien defentsarako aroa, hauteskundeen emaitzek erakutsi diguten bezala. Ez zen, poliziari aurre egiten, hogei urteko gazte ero batzuen ekintza. Tokiko errealitateak ez dira kontutan hartzen gobernuen bulegoetan, eta hori da hartu nahi zuten neurriaren ondorioa, laborarien determinazioa. Laborariek ezagutzen duten eremu horretan nagusitasuna atxiki nahi dute. Hau manipulatzea, komunikabideen bitartez kriminalizatzea zaila zen, ondorioz gibelera egin behar izan dute. Txapela kentzekoa!

Komunikazioa potenteen arma indartsua baita eta denek dakigun bezala telebista, irrati, prentsa idatziaren %80a aberats batzuen eskuetan dago Estatu frantsesean. Hain demokratikoa kronika egileek deskribatu nahi digutenaren arauera. Izan ere, prentsa librea ez bada, demokraziak ezin du libre izan. Frantziako errealitatea nahiko larria da eta ondorioz prentsa alternatiboa, gehienetan sare sozialetan aurkitzen duguna baitezpadakoa izaten zaigu informatua izateko. Horrela ulertzen dugu Michel Collon-en guneak jasan duen erasoa. Izan ere, Macron-i buruz artikulu argigarri bat plazaratu ondoren, nahiko laster gune horretan sartzea ezinezkoa izan da. Collonek berak salatu du erasoa. Horrelako guneek informazio libreagoa zabaltzen dutelako erasoen biktimak dira eta horretaz ez dago ez komentariorik, ez informaziorik. Informazio librea funtsezkoa da ideien mugimenduan, mugimendu horien defentsa garrantzitsua da. Noski Collon-en orriak dagoneko oihartzun zabala du eta horren isilaraztea oso zaila izanen dute. Baina ez dira bakarrik handiak hunkituak, txikiak ere.

Izan ere, Jalgi gazte taldearen facebookeko orria hetsia izan da eta taldeko kideek ez dakite zergatik, ez nondik etorri den erabakia. Horretaz ere ez dugu inongo informazio edo komentariorik ikusi. Alta, komunikazio aniztasuna funtsezkoa da ideien baratzean. Jalgi taldea noski ez da kokatzen politikan jarduten duten alderdi edo talde politikoen ildo nagusi horietan. Baina, bere jarduera politikoa darama, abertzeleak dira eta saiatzen dira herrian boz desberdina entzunarazten beti ere independentzia eta sozialismoaren ildo estrategikoan kokatua. Beraiei gertatu zaiena besteei ere gerta dakieke. Herrian borrokatzea baita ildoa, borrokatzen denak bidea egiten du, helburua argi delarik. Kezka sortzen dute informazio iturriak hesteko egiten diren urrats horiek, aipatu behar dira.