Iurre BIDEGAIN

Bigarren kanpaina bat Etxauziaren egitasmoa zabaldu eta bizitzeko

Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak bere xedera heltzeko bigarren kanpaina bat abiatu du: "Zabal eta bizi". Euskal Herrian gaindi egitasmoa aurkeztu ondoren, etapa berri honen bilana plazaratuko du ekainaren 30ean Baigorrin.

Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak iazko otsailaren 27an lehen kanpainaren hasiera aurkeztu zuen. ©Bob EDME
Etxauzia Nafartarren Etxea elkarteak iazko otsailaren 27an lehen kanpainaren hasiera aurkeztu zuen. ©Bob EDME

Bada urte bat baino gehiago Etxauzia Nafartarren Etxea elkartea gaztelua berreskuratzeko lanean ari dela. Gaztelua "munduko euskaldun guztien bizi egoitza" bilakatzeko egitasmoa garatzen doala. "Euskaldun bat, euro bat" kanpaina burutu ondoren, "Zabal eta bizi" deiturikoan murgilduta dago taldea. Bizilagunak bilatzeko xedez, proiektua Euskal Herrian gaindi aurkezten ari da. Hain zuzen, Donostian azalpenak eskaini zituen martxoaren 30ean.



Etxauzia gazteluan euskal kultura eta ondareari loturiko zentro bat sortu nahi du elkarteak. Helburura ailegatzeko hiru milioi euro lortu nahi zituen euskaldun guztien laguntzaz. Nahiz eta helmugatik urrun dagoen, lehen kanpainaren bilan "oso baikorra" egin dute kideek. Ion Ansa komunikazio arduradunak azaldu duenez, 2.500 babes eta 100.000 eurotik gora bildu dituzte. Zailena egina dagoela dio: guztia martxan jarri eta proiektua ezagutzera eman.



Idealismotik, errealismora

"Zabal eta bizi" kanpaina estrategia aldetik sakonagoa dela erran du Ansak, "anbiziotsuagoa". "Proiektua bera gauzatu nahi dugu, errealitate bihurtu nahi dugu", erantsi du. Dirua eskatu baino haratago joanez, gibelean dagoen filosofia nabarmendu nahi dute: Etxauzia proiektua euskaldun guztiona da. "Herriarena izatea nahi dugu, herritarrek erostea, hots, herritarrak jabe izatea", aipatu du.



Bigarren etapa honen helburua Euskal Herri osoan harremanak eraikitzea da, hau da, "bizilagunak" lortzea. "Gure dinamika komunitate bat sortzea izango da, jende anitzen komunitatea", esplikatu du Ansak. Ildo horretatik, Euskal Herri osoan Etxauziaren egitasmoa aurkeztuko dute. Apirilaren 20ean Bilbon presentatu eta, Iruñeko Katakrak aretoan nondik norakoak esplikatuko dituzte maiatzaren 4ean.

Hego Euskal Herrian "interesa asko pizten duen" proiektua dela dio arduradunak. Bertako ekonomia, kultura eta ondarea sustatzeaz gain, Ansaren aburuz, egitasmoak dimentsio "nazionala" du. "Baigorritik abiatzen den proiektu nazionala da. Munduko euskal etxe guztien egoitza izan nahi du. Horri dagokionez hutsune handi bat dago Euskal Herrian. Diasporan dauden lagunek ez dute lekurik hemen. Hutsune hori betetzera gatoz", nabarmendu du.

Hego Euskal Herrian, Ipar Euskal Herriarekiko "ideia idealizatu" bat dagoela uste du kideak. Hori interesa pizteko lagungarria dela dio. "Idealismo hori ongi dago, baina proiektua errealismora bideratuko dugu", erran du.

Euskal Herriko mugatik kanpo, Estatu Batuetara ere salto eginen du Etxauzia proiektuak. Maiatzaren 28an Kaliforniara bidaiatuko dute bertan ere babesa lortzeko xedez. Baigorriar eta baxe nafar anitz bertan daudela eta haiek ere parte hartu nahi dutela azaldu du.

Azken txanpa, garaipenaren bila

Maiatzaren 12an kanpainaren azken fasea aurkeztuko dute Baigorrin. Biharamunerako, ardoari buruzko ekimen bat antolatu dutela iragarri du arduradunak. Azkenik, ekainaren 30ean, bigarren fasearen balorazioa plazaratuko dute elkarteko kideek.

Ion Ansaren iritziz, Etxauziaren proiektua bururaino eramateak "garaipen bat" irudikatuko luke. "Nik beti esan dut Euskal Herriak pozak behar dituela. Iruditzen zait herritar guztien artean Etxauzia gurea egitea Euskal Herriarentzat poz bat izango litzatekeela. Horrelako zerbait denona izan daitekeela pentsatze hutsak asko balio du", aitortu du.