Kazeta

172 behatzaile mobilizatu dira armagabetzea arrakastatsua izan dadin

Orotara, 172 behatzaile ETAren armak dauden zortzi zuloetan banatuak daude. Michel Tubiana eta Michel Berhokoirigoinek azaldu dutenez, 120 arma, hiru tona lehergailu eta munizio asko daude bertan. Oraingoz, "dena ondo" doala baieztatu dute bakearen artisauek.

Bakearen artisauen agerraldia Baionako Euskal Museoan. ©Argazki Press
Bakearen artisauen agerraldia Baionako Euskal Museoan. ©Argazki Press

Desarmea nola burutzen ari den azaldu dute bakearen artisauek. Zortzi armategien kokapenak poliziari jakinarazi dizkiotela baieztatu du Michel Tubianak.  Bertan, 120 armez gain, 3 tona lehergailu eta beste hainbat munizio daudela aipatu du. 172 behatzaile mobilizatuak daude, hogei bat daude zulo bakoitzean.

Berhocoirigoienek esplikatu duenez, horien "misioa" armak Estatu frantsesaren esku gelditzen direla ziurtatzea da. "Kontrolatu behar dute inolako manipulaziorik ez dela izanen", erantsi du. Bakearen artisauaren erranetan, "oraingoz dena ondo doa". Estatu frantsesak desarmea ez duela oztopatu azpimarratu du.

"Egun hau historikoa da. Iragana eta etorkizunaren arteko lotura izango da. Iragana aztertuko dugu eta etorkizuna elkarrekin eraikiko dugu", nabarmendu du Berhocoirigoinek.

EH Bai eta EH Bilduren irakurketa

Bakearen artisauen ondotik, EH Bai eta EH Bildu mugimendu abertzaleek beren iritzia plazaratu dute. Anita Lopepe eta Arnaldo Otegik gaurkoa egun "historikotzat" jo dute. Euskal Herriarentzat eta nazioartearentzat albiste ona dela diote.

Euskal Herria zoriondu ondoren, Nazioarteko Egiaztatzaileen Batordearen lana txalotu dute. "Baldintza hobeetan mahai gainean dauden gaiak lantzen ahalko direla espero dugu", erantsi du Lopepek. Hala nola, beraientzat lehentasunezkoa den "presoen gaia", eta baita "biktima guztien aitorpena" ere.

Azken hilabete hauetan Euskal Herrian elkarlana irudikatu duten "argazkiak" ikusi direla erran du EH Baiko bozeramaileak. "Irudi horiek segida izan behar dute, gatazkaren ondorioei aterabidea ekar diezagun", gehitu du.

"Pausu garrantzitsu bat"

Estatu frantseseko Barne Ministroa den Matthias Feklek ETAren armen itzultzea "urrats garrantzitsua" dela aipatu du. Plazaratutako mezuan, "biktima guztiak" gogora ekarri ditu, bereziki "poliziak eta Guardia Zibileko kideak".

Operazioak segurtasun osoz iragan dadin, polizia goizeko 09.00az geroztik mobilizatua dagoela esplikatu du.