Kazeta

'Lehen ministroarekin elkartu naiz ETAren desarmea aipatzeko'

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapezak Euskal Herriko bake prozesua hurbiletik segitu du. Azken hilabete hauetan konponbidearen alde lanean aritu da. Hain zuzen, Bernard Cazeneuve Lehen ministroarekin bildu zen martxoaren 20ean. Armagabetzearen egunarekin zerikusiak duten gaiei buruz hitz egin du Mediabask atarian.

Jean-René Etchegarayk Bake Bideak antolatu zuen foroan parte hartu zuen Biarritzen. ©Isabelle Miquelestorena
Jean-René Etchegarayk Bake Bideak antolatu zuen foroan parte hartu zuen Biarritzen. ©Isabelle Miquelestorena

Jean-René Etchegarayk Euskal Herriko Bake prozesua hurbiletik segitu du. 2011n Aieteko deklarazioaz geroztik, konponbidearen aldeko desmartxetan parte hartu du. Enagaiamendu hori bakearen artisauek idekitako bidean agerian utzi du. Bihar iraganen den ETAren desarme egunean parte hartuko duela argi utzi du: "Apirilaren 8ko ekimenean presente izango naiz, bistakoa da".

Estatu frantsesaren engaiamendua

Etchegarayk Bernard Cazeneuve Lehen ministroarekin bildu zela baieztatu dio Mediabaski. Frédérique Espagnac senatari sozialista, Alain Rousset Akitania Berriko presidentea eta Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ere presente zeuden. Etchegarayk gobernu frantsesaren aldetik "gauzak aitzinatzeko borondatea" nabaritu du. Ministroak bere azalpenak entzun, interesa erakutsi eta gaiarekiko ezagupena frogatu duela aipatu du.

Desarmea Zuzenbide Estatuaren defentsan

Bernard Cazeneuvek Euskal Herrira egindako bisitan, desarmea "arau judizialak errespetatuz" egin behar zela erran zuen. Etchegarayrentzat bere adierazpenek "aitzin pausu bat" irudikatu zuten. "Bake prozesua legezkoa den prozesua" dela nabarmendu du Etchegarayk. Zuzenbide estatua eta trantsiziozko justiziaren kontzeptuak kontutan hartzen dituen prozesua dela dio.

"Trantsiziozko justiziak alde batek eta besteak pairatutakoa aitortzeaz gain, baketzea ahalbidetzen du. Ez gara amnistiaz edo ahazteaz mintzo", erantsi du. Bere iritziz, Estatu frantsesak bere mezuarekin Zuzenbide Estatua eta trantsiziozko justiziaren artean kontraesanik ez dagoela jakinarazi nahi izan zuen.

Lehendakariaren iritziz, Estatu frantses eta espainiarrak desarmearen berme teknikoak ziurtatu beharko lituzkete. "Bi gobernuen mesederako" izango zela dio. "Helburua ingurumenean dauden armak berreskuratzea da. Autoritateek soilik kokapena ezagutuko dute. Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak ere funtzio garrantzitsu bat betetzen du", azaldu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuaren parte hartzea

EAEko Gobernuak bake prozesuan parte hartzeko garrantzia nabarmendu du Etchegarayk. "Funtsezkoa dena bake prozesua bera aitzinatzea da. Ez gara kritikoak izan behar Lakuak apirilaren 8an 10.30etatik aitzina parte hartuko ez duela erran duelako", aipatu du. Bere ustez, Hego eta Ipar Euskal Herriko egoerak ezberdinak dira. "Indar politikoak egoera ezberdinean daude, batez ere ETAren biktimen gehiengoa Hego Euskal Herrian kokatua dagoelako", azpimarratu du.

Bakearen artisauen ahalmena

Bukatzeko, auzapezak bakearen artisauek burutu lana goraipatu du. Desmartxa baketsuaren bidetik lortu duten guztia azpimarratu du. "Proposatu duten agertokiaren giltza urritasuna da. Ez dute nahi apirilaren 8a besta bat izan dadin. Ez dute galtzaile-garailerik nahi. Irabazle bakarra bakea da", kontatu du Jean-René Etchegarayk.