Kazeta

'Haizu', Herri Urratsen kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte

Ken Zazpi taldeak doinua eman dio aurtengo Herri Urratsen kantuari. Amets Arzallus bertsolariak "Haizu" kantuaren letrak idatzi ditu. Bernat Etxepare lizeo berriaren alde joko duen ekimena maiatzaren 14ean iraganen da Senperen.

Aurtengo Herri Urratsen kantua eta bideoklipa aurkeztu dituzte Donostiako Elkar aretoan martxoaren 28an. Amets Arzallusek idatzitako "Haizu" kantuaren letrei doinua eman diete Ken Zazpi taldearen kideek.

Ospakizuna maiatzaren 14ean iraganen da Senpereko aintziran. Iazko edizioak bezala, bestak ikasturte berrian ateak idekiko dituen Bernat Etxepare lizeo berriaren alde joko du.

"(H)aizu" lelopean iraganen den ekimena aurkeztu zuten otsailaren 18an Baionan. Antolatzaileek azaldu zuten bezala, leloak hainbat esanahi dauzka. Hala nola, lizeoko ikasleek Baxoa euskaraz pasatzeko borrokarekin bat egiteaz gain, Euskal Elkargoari ere dei egiten dio. Hots, euskararen aldeko eskumenak izan dezakeela ohartazten dio.