Bruno Le Roux: "Armak jasotzea agintari judizialei bakarrik dagokie"

Bakearen artisauek ETAren desarmerako data iragarri ondoren, hots, apirilaren 8an, Gobernu frantses eta espainiarrek ihardetsi dute. Bruno Le Roux Barne ministroak arma biltegiak eskuratzeko eskumena "agintari judizialei bakarrik" dagokiela azaldu du.

Kazeta|20/03/2017 10:25
Capture_d_cran_2016-12-23_09
Bruno le Roux Estatu frantseseko Barne ministroa. © intérieur.gouv

Txetx Etxeberrik ETA "erabat" desarmatuko dela baieztatu bezain laster, Euskal Herriko alderdi politikoek beren usteak plazaratu zituzten. Gobernu frantsesak, ordea, biharamunean ihardetsi zuen agiri baten bidez.

Hain zuzen, Bruno Le Roux Barne ministroak ondokoa azaldu zuen: "Legezkoa den armagabetze bat egoteko aterabide bakarra armategi horiek non dauden agintariei jakinaraztea da". Halaber, bere erranetan arma biltegiak eskuratzeko eskumena "agintari judizialei bakarrik" dagokie.

Luhusoko operazioaren garaian egin bezala, ETAren arma horiek kasu batzuk argitzeko balio dezaketela nabarmendu du. "Arma eta lehergai horiek frogak dira indarrean dauden ikerketetan, eta froga horien manipulazioak justiziaren lana eta egia argitzea oztopatu dezakete" azpimarratu du Barne ministroak.

Gobernu espainiarra, ordea, haratago doa. Mariano Rajoy presidenteak ETA erakundearen desegitea espero duela erran du. "ETAk alde bakarreko desarmea burutzea erabaki du. Egin dezala, eta bide batez erakundea desegin dezala ere", aipatu du.

Bi Estatuen usteak entzun eta, Txetx Etxeberrik espero du "ez dela Gobernu frantsesaren behin betiko iritzia". Azken hilabete hauetan abiatutako desmartxarekin segituko dutela berretsi du. "Estatu frantsesaren esku izanez gero, beste bost urte pasako zituen tentsio artifizial honetan", gehitu du.

"Legezko" desarmea

Halaber, Jonan Fernández Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitza saileko arduraduna bake artisauek iragarritako desarmea "legezkoa" dela dio. Hain zuzen, "ETAren armategiei buruzko informazioa Justizia frantsesari helaraziko diotelako". Horrez gain, Fernándezek Lakua desarme hori aitzina eramana izan dadin "lanean ari dela" nabarmendu du.

Bere iritziz, desarmea burutzen bada, "agertoki berri batean egongo gara". "Agertoki, berri, ezberdin eta gaur egungoari alderatuz hobea izanen dena", erantsi du. Jaurlaritzak Estatu frantses eta espainiarrek "albiste ona onartu dezatela" espero du.

INFOS ASSOCIÉES