Kazeta

M. Berhokoirigoin: "ez badugu ezer egiten konponbidearen porrota izango da"

‘Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura’ lelopean, foroa egin dute Biarritzen. Michel Berhocoirigoin "bakearen artisauak" esan duenez, apirilaren 8an "desarme orokorraren eguna" izango da, eta biharamunean ETA "ez da erakunde armatu bat izango". Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak estatuen "isiltasun jasanezina" salatu du eta armagabetze prozesua gauzatzen parte hartuko duela baieztatu du. Armagabetzea "publikoa, gardena" eta nazioarteko eragileek egiaztatua izango dela ziurtatu dute.

Mixel Berhocoirigoinek ostiralean Le Monde egunkarian iragarri zen armagabetzeaz xehetasunak eman ditu. © Isabelle MIQUELESTORENA
Mixel Berhocoirigoinek ostiralean Le Monde egunkarian iragarri zen armagabetzeaz xehetasunak eman ditu. © Isabelle MIQUELESTORENA

Michel Veunac Biarrizko alkateak ireki du armagabetzea eta bakea aztertuko dituen foroa Biarritzen. Oso pozik mintzatu da, Bake Bideako ordezkariak eta "bakearen artisauak" hartzeagatik.

Ordezkari politiko asko hurbildu dira Belle Vue aretora, hala nola EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz, Sortuko Arnaldo Otegi eta Xabi Larralde, Max Brisson Les Republicains alderdiko ordezkaria, LABeko Jeronimo Prieto eta Eñaut Aramendi, ELAko kideak...

Lehen mahai inguruan Serge Portelli Versailleseko Dei Auzitegiko epailea, Veronique Duouet Berghof Fundazioko ordezkaria eta Cristian Herbolzheimer Conciliation Resources erakundeko kidea izan dira.

Portellik adierazi duenez, behin ETAren armagabetzea burututa, "panorama aldatu egingo da". Elkarrekin bizitzen ikastearen beharra ere nabarmendu du.

Presoen auzia ere izan du hizpide, eta Estatu frantsesean aldaketak egiteko zailtasunen arrazoi nagusia espetxeetako administrazioak duen aginte handia dela esan du. Christiane Taubira Justizia ministro ohiari gertatutakoa jarri du adibidetzat, azkenean dimisioa eman zuena.

Luhusoko ekimena

Bigarren mahai inguruan Bake Bideako Anaiz Funosas, Jean-Rene Etchegaray Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakaria eta Michel Berhocoirigoin "bakearen artisaua" ari dira, Luhusoko operazioaren ondorengoa aztertzen. Berhocoirigoin ekimen haren nondik norakoak azaldu ditu eta helburua estatuak interpelatzea eta haien "arduragabekeria agerian jartzea" zela esan du.

"Jabetu ginen armagabetzea giltzarria zela prozesua desblokeatzeko. Era berean, gizarte zibilak inplikatu behar zuela konturatu ginen", nabarmendu du.

Parisko Gobernuaren erantzun ezaren ondotik aldebakarreko bideari jarraitu behar ziotela erabaki zuten, eta horregatik egin zuten atzo "desarme orokorra" egingo den dataren –apirilaren 8a– iragarpena.

Berhokoirigoinen ustez, "ez badugu ezer egiten, konponbidearen porrota izango da".

Hala, apirilaren 8a "desarme orokorraren eguna" izango dela ziurtatu du, eta segidan "zergatik Estatuak ez du engaiatu nahi?", galdetu du. Nabarmendu duenez, biharamunean ETA "ez da erakunde armatu bat izango".

Armagabetze prozesua "publikoa, gardena" eta nazioarteko eragileek egiaztatua izango dela ere ziurtatu du.

Etchegaray: "Apirilaren 8a gure data da"

Ildo beretik mintzatu da Jean-Rene Etchegaray. Adierazi duenez, hainbat aldiz zuzendu zaizkie bi estatuei baina haien "isiltasuna jasanezina" da eta "gure herrialdeari eta gure jendeari mespretxu egitea da".

Apirilaren 8an armagabetzea burutzeko prozesuan izango dela baieztatu du eta estatuei ohartarazi die oraindik ere badutela esku hartzeko aukera, data hori baino lehen ere bai. "Gu han izango gara, ni han izango naiz, eta ez naiz bakarrik izango", ziurtatu du.

Foroari Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako lehendakari ohiak eman dio amaiera. "Eraikitzen ari garena etorkizuna" da, esan du, eta txalo zaparrada handia jaso du.