Kazeta

Departamenduko enpresa oso tipietako hauteskundeetan LAB hirugarren

Departamenduko enpresa oso tipietako emaitzak jaso ditu LABek. Horien arabera, Pirinio Atlantikoan hirugarren agertu da sindikatu abertzalea. Urte hasieran egin bezala, Ipar Euskal Herri mailan emaitzak jakitearen garrantzia nabarmendu du LABek.

Enpresa oso tipietako hauteskundeen emaitzen irakurketa egin zuen LABek otsailaren 10ean. ©LAB
Enpresa oso tipietako hauteskundeen emaitzen irakurketa egin zuen LABek otsailaren 10ean. ©LAB

Orain arte, Akitania Berriko enpresa oso tipietako emaitzak jaso zituen LABek. Agiri baten bidez azaldu duenez, departamendu mailako emaitzak jaso berri ditu. LABek, bozen %13,86ari esker, hirugarren indarra izatea lortu du. "Emaitza bikainak", sindikatu abertzalearen aburuz.

Otsailean Akitania Berriko emaitzei esker Ipar Euskal Herriari dagokien aurreikuspenak egin zituen LABek. Hain zuzen, 884 boz lortuz lehen indarra bezala agertu zen. Departamendu mailan, ordea, bigarren gelditu zela zion. Emaitza ofizialak jaso ondoren, kalkuluak berriz egin ditu.

Departamendu mailan parte hartzea pentsatzen zuena baino goragoa izan dela ohartarazi du. Hots, %10ekoa izan da. Horrek sindikatu bakoitzaren lorpenak irudikatzen dituzten ehunekoak aldatu ditu. "Esan genezake emaitza benetan bikainak direla LAB sindikatuarentzat eta pentsa genezake Ipar Euskal herri mailan lehen sindikatua izaten ahal garela", erantsi du.

Emaitza berrien argitalpena erabili du hasieratik egiten duen aldarrikapena berresteko: Ipar Euskal Herri mailan emaitzak ezagutzeko beharra. Sindikatuaren aburuz, departamendu mailako zenbakiek tokiko errealitatea desitxuratzen dute.