Kazeta

Kanbo: ELB eta Lurzaindia lur espekulazioaren kontra

Kanbon saldu nahi dituzten bi hektareen prezioa salatu dute ELB eta Lurzaindiak. France Domaines erakunde publikoak geroz eta prezio goragoak finkatzen dituela deitoratu dute. Arazoari aurre egiteko, Euskal Elkargoa eta hautetsiei gaiari buruzko magai inguru bat antolatzea galdetu diete.

Lurra gure laborari ofizioaren oinarria dela nabarmendu dute bi erakundeek. ©Bob EDME
Lurra gure laborari ofizioaren oinarria dela nabarmendu dute bi erakundeek. ©Bob EDME

Lur espekulazioaren kontrako ekimen berri bat burutu zuten ELB sindikatu eta Lurzaindia elkarteak martxoaren 10ean. Aldi honetan Kanbon saldu nahi dituzten lurren prezioaren kontra jo dute. Espekulazioaren problematika geroz eta gehiago gertatzen denez, Euskal Elkargoari eta hautetsiei arazoaz jabetzea galdegin diete. Halaber, mahai inguru bat antolatzea proposatu diete.

2013an Kanboko etxe bat eta bi hektareako lur eremua saltzen saiatu ziren. ELB eta Lurzandiak finkatutako prezioaren kontra jo zuten, hots, 410.000€. Jabeak salmenta gelditu zuen. Urte batzuk beranduago, etxea saldu eta, lur horiek saltzen entseatzen da, berriz ere.

Hain zuzen, laborantzako bi hektarea 88.500 eurotan saldu nahi ditu, hau da, 43.500 euro hektarea bakoitza. Prezioa "harrigarria" da Marise Cachenaut ELBko kidearen erranetan. Hori dela eta, bi erakundeek Saferari segidan prezioa berrikustea galdegin diote. Azken hori estimazio berria egiteko, France Domaines erakunde publikoak errandakoari egokitu da: 16.000 euro hektarea bakoitzeko. "Prezioa biziki gora gelditu da. Hori salatu nahi dugu, baina batez ere Domaines Francek lurren prezioa kalkulatzeko duen metodoa", erantsi du.

Prezioak inguruko merkatuen arabera finkatzen ditu erakundeak. "Guk ez dugu horri buruzko xehetasunik, ez baitute nahi kalkulatzeko modua frogatu", aipatu du Cachenaut. Mobilizatu direnen aburuz, laborantzak "ezin ditu prezio horiek jasan".

Laborantzaren defentsan

Arazoa usu gertatzen ari dela dio sindikalistak. "Jabeak geroz eta kariago saltzen entseatzen dira. Prezioak gaur egun harrigarriak dira. Saferarekin konpontzen saiatzen garelarik, gora segitzen dute", gehitu du. Cachenauten dioenez, Saferaren funtzioak "lurra zaindu eta espekulazioaren kontra borrokatzea" lirateke. "Domainesek merkatuaren bataz bestekoan oinarritzen bada prezioak finkatzeko, aldi oro goregiak izanen dira", deitoratu du.

Lurra laborarientzat lan tresna bat dela azpimarratu du ELBk. "Egoera hau jasanezina eta ezin onartuzkoa da. Laborantzako lurraren zaintzeko borroka aski gogorra da izate publikoko egiturek traba gehiago ezarri gabe", erran du.