Kazeta

Errefuxiatuak aterpetuko ditu Atharratzek

Errefuxiatuen bi familia aterpetuko ditu laster Atharratzeko herriak. Harrera prestatzeko, Herriko Etxeak bilkura publiko bat antolatuko du martxoaren 11n.

Zazpi errefuxiatu Biarritzera ailegatu ziren iaz.
Zazpi errefuxiatu Biarritzera ailegatu ziren iaz.

Jatorri ezberdina duten bi familia ailegatuko dira laster Atharratzera. Bi familia aterpetuko ditu herriak. Bata eta bestearen egoera administratiboa ezberdina da.

Lehenengo familia hiru pertsonez osatua da. Gaur egun Libanon daude eta siriarrak dira. "Erran digute familia hori martxoaren 21ean ailegatuko dela Xiberoa", azaldu du Arnaud Villeneuve Atharratzeko auzapezak. Hiruek asilo politikoa lortu dute. Bigarren familiak, ordea, ez. Ukrainatik datozen bikote eta hiru seme dira. Egoera administratiboa legeztatzeko xedez, Bestearekin elkarteak familia horri laguntza eskainiko dio.

Bi familien harrera prestatzeko bilkura publiko bat antolatuko dute martxoaren 11n 14.30etan Atharratzeko Etxahun gelan. Herriko Etxeak egonaldian laguntza eskaini nahi die. Hala nola, frantsesa irakasteko eta beren mugikortasuna ahalbidetzeko.

Laguntza hori antolatzeaz gain, Bestearekin elkarteak bere lekukotasuna plazaratuko du bilkuran. Familiei zein laguntza eskaini diezaiekeen esplikatuko du. Atharratzeko Herriko Etxeak laguntza eskaini nahi duen guziei parte hartzeko deialdia luzatu die. "Gure zonaldean familiak hobekien integratzeko ondoko herrietako pertsonei ere deia luzatzen diegu", erantsi du.