Duda-mudatan ez egoteko ikusgarria

"Duda" izeneko ikusgarriaz gozatzen ahalko da martxoaren 11n Donazaharren. Euskara ikastean euskaldun berrien baitan sortzen diren sentimendu ezberdinak islatzea du helburu.

Xan Idiart|10/03/2017 08:00|0 commentaires
1
Duda ikusgarria martxoaren 11n estreinatuko dute Donazaharren.

Korrika kulturalaren karietara, ikusgarri bat muntatu dute Donibane Garazi aldean Patrik Larralde, Aitzol Lasa Letona, Bixente Irigarai eta Tony Le Guillyk, Michel Foucher zuzendariaren laguntzarekin. Beren ikusgarria "Duda" izendatu dute eta martxoaren 11n eskainiko dute Donazaharreko Lutxiborda gelan 20.00etan.

Lan kolektiboa izan dela azaldu dute artistek. Hain zuzen ere, bakoitzak errol berezi bat badu ikusgarrian. Patrik Larraldek trikititxa jotzen duelarik, Aitzol Lasa Letona dubstepaz arduratzen da. Horrez gain, Bixente Irigaraiek hitzak sortu ditu eta Tony Le Guillyk dantzatzen du.

Musika tradizionala eta modernoa uztartuz doaz beraz ikusgarri honetan. Guttitan entzun daitekeen musika tresna bat deskubritzeko parada da ikusgarri hori, Aitzol Lasa Letonaren dubsteparekin. Duela hogei bat urte Londresen sorturiko musika tresna elektronikoa da hori trikititxaren soinu zorrotzei opakotasun dudakorra ematen diena.

Dantza bera ere nahiko modernoa da eta kantuari dagokionez, bertsoak eta abestiak nahasten dira etengabe, noiztenka rapa ere egiten delarik. Hitzek orduan ongi etorria den poesia gehitzen diote jadanik adierazkorra den musikari.

Dak du, ala du da?

Artistei, ikusgarriari zergatik "duda" izena eman dioten galdegiten zaielarik, inguru mingururik gabeko arrapostu bat jasotzen da. Euskara ikasten duenak "du" eta "da" artean ukan ohi du duda eta hori irudikatu nahi du ikusgarriak: euskara ikastean sortzen den zalantza.

"Nire esperentziatik abiatuz, hainbat sentimendu sortzen zaizkigu euskara ikasten dugularik" erran du Patrik Larraldek. Euskara ikastea erabaki bat dela diote eta erabaki horrek sentimenduak pizten ditu. "Euskara ikastea nuela desira, kurtsora joatea izan da segida", horrela adierazten dute sentimendu hori Bixente Irigaraien hitzek.

"Gure ikusgarria filosofikoa da" esplikatzen du Aitzol Lasa Letonak irribarrea aurpegian "girelako duguia? Edo dugulako girea?". AEKn ibili izan da Patrik Larralde, lehen ikasle eta gaur irakasle gisa. Bere erranetan, ikasleak euskara ongi menperatzera iristen direnean ere, ez dute denek beren burua euskalduntzat jotzen.

"Dak du, ala du da?", benetako buruhausteak sor ditzakete halako galderek. Euskal nortasunari buruzko eztabaidak ez dira berriak, baina "euskaldun izatea zer den nehork ez daki xuxen" erran du Bixente Hirigaraiek. "Guk ez diogu edonori leziorik eman nahi. Gure ekarpen musikala baizik ez dugu egin nahi". Hitz jokoarekin segituz, irri eta mirri, beren ikusgarriaren ikustera joateko duda mikorik ez dela ukan behar diote lauek.