Kazeta

Akitania Berriak urre miaketaren kontrako jarrera berretsi du Ezpeletan

Akitania Berriko lehendakariordea den Nicolas Thierry Ezpeletara hurbildu da martxoaren 10ean. Eskualdearen izenean, urre miaketa proiektuarengandik hunkituak diren hamaika herrietako auzapezei elkartasuna adierazi die.

Nicolas Thierry Akitania Berriko lehendakariordeak Ezpeleta bisitatu du martxoaren 10ean. ©Bob EDME
Nicolas Thierry Akitania Berriko lehendakariordeak Ezpeleta bisitatu du martxoaren 10ean. ©Bob EDME

Nicolas Thierry Akitania Berriko lehendakariordeak Errobin urrea esploratzearen kontra agertu diren auzapezei elkartasuna adierazi die. Hots, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzeko auzapezei. Horretarako, Ezpeletara etorri da martxoaren 10ean. Alice Leiciagueçahar eta Emilie Dutoya departamenduko kontseilariekin, baita Sylviane Alaux diputatu sozialistarekin batera ere Sudmine enpresaren proiektuarengandik hunkitua litzatekeen gunea bisitatu du.

Oroitarazi behar da iragan otsailaren 13an Errobin urrea esploratzeko baimenaren kontrako mozio bat bozkatu zuela Akitania Berriko kontseiluak. Hain zuzen, Alain Rousset lehendakariak enpresaren eskaera aztertu duen prefetari bere ezadostasuna helarazi dio. Ezpeletako bisitak jarrera hori berresteko balio izan du.

Akitania Berriko kontseiluak proiektuak izanen lituzkeen eraginak nabarmendu ditu. Lurraldean, ingurumena errespetatzen duen "laborantza arduratsuaren aldeko apustua" egiten dela azpimarratu du. "Gisa horretako proiektu industrialek osasun publikoa eta gure lurraldeetako laborantzan izango lituzkeen eraginak ez dira frogatzeko beharrik", erantsi du.

Bere aburuz, esplorazioak dakarkien kutsadurak eta paisaien suntsiketak eragin zuzenak izango lituzke. Hain zuzen, laborantza eta tokiko turismoen aktibitatea gutietsiko luke, kontseiluaren erranetan.

Akitania Berriko kontseiluak egin bezala, Euskal Elkargoa ere Sudmine enpresaren proiektuaren kontra agertu da. Jean-René Etchegaray presidenteak "Kanboko baimena" deitu duten eskakizunarekiko duen iritzi ezkorra adierazi zion Michel Sapin Ekonomia eta Finantza ministroari.