Kazeta

Zerbitzu publikoa zaintzearen aldeko greba mugimenduak

Erietxe, eskola eta aireportuetan greba mugimenduak antolatu dituzte martxoaren 7an. Mobilizatu direnek zerbitzu publikoaren zaintzea aldarrikatzen dute.

Osasun arloko langileak mobilizatuko dira Baionako erietxean. ©Isabelle Miquelestorena
Osasun arloko langileak mobilizatuko dira Baionako erietxean. ©Isabelle Miquelestorena

Greba mugimendua dela eta, eskola, erietxe eta aireportuetako hainbat arloko langileak mobilizatuak daude martxoaren 7an. Biarritzen hainbat hegaldi bertan behera utzi dituzte atzo abiatu den protesta dela eta. Halaber, erietxeko langileek beren desadostasuna adieraziko dute Baionan burutuko dituzten bi elkarretaratzeetan.

Aireportua. Kontrolatzaileek greba mobilizazioa barda abiatu zuten. UNSA-ICNA sindikatuak bultzaturik, langileek hegazkingintza zibileko zuzendaritzak hitzartutako protokoloa ez errespetatzea salatzen dute. Akordioa badira sei hilabete izenpetu zutela, sindikatuak agiri baten bidez azaldu duenez.

Greba mugimenduaren eraginez, lau hegaldi bertan behera utzi zituzten Biarritzeko aireportuan martxoaren 6an. Gisa berean, gaur ere beste hainbat hegaldi ezeztatu dituzte. Hots, Parisetik 13.30etan iritsi beharko litzatekeena, Biarritzetik Madrilera joan beharko litzatekeena 14.10etan eta Parisetik 17.40 eta 20.40etan ailegatuko beharko liratekeenak. Mobilizazioa martxoaren 10a arte luzatuko lukete.

Eskola. Haurtzaindegi, jantoki eta eskolaldi inguruko aktibitateko langileak greban daude martxoaren 7an. Mobilizazioaren eragin nagusiak Baionako eskoletan agertu dira. Hala nola, Jules-Ferry, Lahubiague eta Baiona Tipiko ama eskoletan. Haurrek piknikak eraman behar izan dituzte ez dietelako jantokiko zerbitzua ziurtatu.

Osasuna. Osasun arloko langileak ere mobilizatuko dira. Hain zuzen, bi elkarretaratze antolatuko dituzte Baionan. Alde batetik, CGT sindikatuak deiturik, Baionako erietxean bilduko dira 14.00etan. Erietxeko eta arlo sozialeko langileek baliabide murrizketak deitoratuko dituzte.

Bestalde, Léon-Dieudonné osasun zentroko langileak greban egonen dira 12.00etatik 13.00etara. FO sindikatuak azaldu duenez, mobilizatuko direnek "ordutegi aldaketak" eta "langileak ez ordezkatzea" salatuko dute, besteak beste.