Iurre BIDEGAIN
Entrevue
Jon MAIA
Gutik Zura dokumentalaren zuzendaria

'Gizakiok emandako forma dauka Euskal Herriak'

Korrika kulturalaren karietara, "Gutik Zura" dokumentala eskaini zuten lehen aldiz Ipar Euskal Herrian martxoaren 2an. Donibane Garazin antolatutako ekimenean Jon Maia zuzendariak euskal gizarteak oihanarekin izan duen eta duen harremana azaldu du. Hurrengo emanaldia martxoaren 17an Ziburun eskainiko dute.

"Gutik Zura" dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iaz. ©IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
"Gutik Zura" dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten iaz. ©IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Zein da "Gutik Zura" dokumentalaren xedea?

Enkarguzko lan bat da. Dokumentala egitearen asmoa sortzen da Euskal Herriak basoa, zura eta egurrarekin harreman handia izan duelako. Historikoki, basotik eraiki den herri bat garela esan daiteke, baina ikuspegi hori galdua dugu. Harreman asko galdu ditugu. Material berriak sartu direnean eta ustezko garapenaren izenean, basoak ere funtzio asko galdu ditu.

Basoak eman digu energia, elikagaia eta bizilekua. Oinarrizko hiru gauza dira. Oraindik badago jende asko jakinduria bat daukana horren bueltan. Jakinduria hori ere galtzera doa. Gure asmoa zen hori guztia gizarteratzea. Zuraren eta basoaren balioa azpimarratzea, gure historian, gaur egun eta etorkizunean ere bai.

Nolakoa izan da euskal gizartea eta oihanaren arteko harremanaren garapena? Lotura hori mantendu da urteekin?

Ez da mantendu. Lehen gizartea basoari lotua bizi zen, bertan zegoelako lehengai guztia. Esate baterako, beroa egurrak ematen zuen etxe guztietan. Bai Garazin, bai Bilbo eta baita Lasarten ere. Orain dela ehun urte arte su egurrak beroa eman digu eta elikagaiak ere egurraren bidez sukaldatu ditugu. Funtsezkoa izan da. Etxe guztien egiturak ere egurrezkoak izan dira orain dela ehun urte arte, bai herrietan baita hirietan ere.

Gure industria ere basotik garatu da ikatzari esker. Siderurgia basoari esker sortu da Euskal Herrian. Horregatik beti izan gara herri indartsu bat industrialki. Baina, hori guztia neurri handian galdu da, plastikoa, hormigoia, zementua eta gasarekin. Badirudi berriz ere ari garela itzultzen naturak ematen digun horretara.

Dependentzia energetiko handia dugu eta material asko fosilak dira. Horiek agortu egingo dira, lehenago edo geroago. Balore ekologikoak berriz ere gorantza doaz eta behar bada basoak berreskuratu dezake pixkanaka bere lekua.

Ipar Euskal Herrian egurrari buruzko lan pedagogiko ugari egin dira. Hala nola, Euskal Herriko Laborantza Ganbaran. Oihanarekiko dugun harremana berdina da Ipar eta Hego Euskal Herrian?

Ipar Euskal Herriko egoera ez da sartu dokumentalean. Nik uste denboran atzera eginez, paisaia bat konpartitu dugula eta ez da hain ezberdina izan. Beharbada Hegoaldea industrialki gehiago garatu da eta Iparraldean kostaldetik barrurantz landa eremuak indar handia du, oraindik ere. Badago beste harreman bat basoarekin eta lurrarekin Gipuzkoako edo Bizkaiko herrietan ez dagoena, batez ere oso urbanizatua dagoelako dena.

Badago agian gauza bat berdintzen gaituenak, dokumentalaren tesi bat hori da. Horrekin hasten da dokumentala. Hau da, guk ikusten dugun paisaia guztia paisaia kulturala da. Guk, gizakiok, emandako forma dauka Euskal Herriak. Hemen ez dago basorik jatorriz izan den bezalakorik. Ez da Indonesia edo Amazonas bezala. Hemengo pagadiak, hariztiak edo edozein zuhaitz mota dena dena gizakiak landua da. Beharbada badugu ikuspegi erromantiko bat basoarena. Hots, basoa ez dela ukitu behar. Ikusten dugun bezalakoa izan dela beti. Baina, hemen ez da geratzen horrelako basorik. Hori esplikatzen dugu egindako lanean.

Zu zeuk nola ikusten duzu oihana eta euskal gizartearen arteko loturaren etorkizuna?

Ni ez naiz aditu bat. Nire esperientziatik ikusten dudana da naturak ematen dizkigun lehengai horietara itzultzen ari dela gizartearen zati handi bat. Azkenean, lurra lantzen baduzu berak bueltan ematen dizu. Lurra pobretzen, erretzen eta agortzen jarraitzen badugu, iritsiko da egun bat non irteerarik gabeko kale batean ikusiko duguna gure burua. Nik uste dut hor badagoela etorkizun bat, baina borroka bat badago: industriaren interesak eta naturaren ekosistemaren berezko garapena. Hor dago burruka. Industriak eskatzen ditu azkar hazten diren zuhaitzak, azkar mozteko eta azkar produzitzeko. Naturak bere erritmoa dauka eta hor askotan izaten da talka.