Kazeta

Odile de Coral auzapeza kondenatu du Paueko Dei Auzitegiak

Prokuradoreak Baionako Delituen Auzitegiak hartutako erabakiaren kontra helegitea aurkeztu ondoren, Odile de Coralen afera ikertu du Paueko Dei Auzitegiak. Epaileak lau hilabeteko zigorra, gibelapenarekin, eta 10.000 euroko isuna ordaintzea agindu dio Urruñako auzapezari.

Michel Hiribarrenek Urruñako auzapeza den Odile de Coraleren kontrako salaketa jarri zuen.
Michel Hiribarrenek Urruñako auzapeza den Odile de Coraleren kontrako salaketa jarri zuen.

2007 urtekoa den afera da. Odile de Coralek bere familia baten lurrak eraikigarriak bilakatzeko deliberamenduan parte hartu zukeen eskolako aferen axuanta zelarik. Hori dela eta, Michel Hiribarnek bere kontrako salaketa ezarri zuen "legezkoa ez den afera bat agerian" ezartzeko xedez.

Urte luzaz iraun duen prozedura aztertu du Paueko Dei Auzitegiak otsailaren 23an. Hasiera batean, bere deliberoa otsailaren 16ean jakinarazi behar zuen, baina erabakia gibelatu zuen. Gisa berean, bigarren aldi batez atzeratu eta, azkenean jakin da epaileak agindu duena. Hain zuzen: lau hilabeteko espetxe zigorra gibelapenarekin eta 10.000 euroko isuna.

Erabakia jakin ondoren, "oso harritua" dagoela aitortu du auzapezak agiri baten bidez. Baionako auzitegiak hobengabetu ondoren, ez du ulertzen justiziak hartu dituen bi erabakiak "hain ezberdinak" izatea. "Nire ustez, ez da ulergarria", gehitu du.

Bere erranetan, badira hiru urte etxeen merkatuan aditua den familia batek "juridikoki erasotzen" duela. "Hiribarren familiaren motibazioa mendekua" dela dio. Erabakiaren kontra jotzeko Kasazio Auzitegira joko duela iragarri du. "Nire ohorea berreskuratzeko eta zintzotasuna frogatzeko", gehitu du.

2008az geroztik bere taldearekin egiten duen bezala, Urruñako herritarren onurarentzat lanean segituko duela erran du.

Aurrekariak

Baionako Delituen Auzitegiak Urruñako auzapeza hobengabetu zuen 2015eko azaroan. Prokuradoreak erabakiaren kontrako helegitea ezarri zuen eta kasua Pauera igorri zuten.

2016ko abendu hasieran Auzitegiko abokatuak hiru urtez hautagarritasun eza, lau hilabeteko espetxe zigorra gibelapenarekin eta 10.000 euroko isuna eskatu zuen. De Coralek prozedura hasieratik bere burua defendatu du erranez erabakia hartu zen egunean inork erran ziola gelatik atera behar zenik.