Kazeta

Kulturgileak bake prozesuaren alde

Ipar Euskal Herriko kulturgintzako hainbat eragilek bake prozesuaren aldeko mugimendu bat sortu dute. Honen iturburu nagusia: abenduko Luhusoko atxiloketak.

Ipar Euskal Herriko kulturgileak bakearen alde.
Ipar Euskal Herriko kulturgileak bakearen alde.

Abenduko Luhusoko atxiloketen ondotik, Ipar Euskal Herriko kulturgile zenbaitzuk bildu ziren Donibane Garazin bake prozesuaren aldeko mugimendu bat sortzeko asmoz. Izan ere, bost atxilotuen artean, Buuzbu taldeko kantaria den Etxe zegoen, eta bere lagun musikari batzuek, kulturgileek bultzatuko zuten sostengu dinamika bat plantan jartzea erabaki zuten.

"Kafe baten aitzinean ukan dugu ideia" jakinarazi du Aitzol Lasak Iparralai musika eskolako trikititxa irakasleak, "Etxek harturiko erabakia gure egitea deliberatu genuen". Hori dela eta, atxiloketak gertatu eta zenbait egun berantago Luhusoko Herriko Etxean agerraldi bat egin zuten kulturgile anitzek, bide orri bat izenpetuz.

Bide orri hori ordea, mugimenduaren webgunean aurki daiteke : http://iehke.blogspot.fr/. Bertan azaltzen diren ideia edo engaiamenduak Euskal Herri osoko kulturgileei zuzendua zaizkie. Hala nola bide orria izenpetzean indarkeriarik gabeko egoera demokratiko bat nahi duela dio kulturgileak. Horrez gain, jendarte zibilak Luhuson hartu zuen erabakiarekin ados dela baieztatzen du.

Kantu bat

"Kulturgileen bide orri hori zabaltzeko, kantu bat grabatzen ari gara" adierazi du Jakes Gueçaimburuk, Buuzbuko basistak. "Otsail bukaerako prest izatea espero dugu". Etorkizunean, Luhuso bezalako atxiloketak gertatzen baldin badira berriz, kulturgile andana bat biltzeko prest izaten ahalko direla segurtatu du, hainbat sostengu ekimen egiteko.

Hala ere, gizarte zibileko sektore oso bat biltzea zaila dela erran dute biek. "Denbora asko eskatzen du". Baina ezinbestekoa iruditzen zaie egiten ari direna. Motibazio kartsu batek akuilaturik, egiten dutena zaila den arren, ez direla geldituko argi eta garbi utzi dute Aitzol Lasa eta Jakes Gueçaimburuk: "Ez dezagun gehiago begira besteak zer dagien parean. Goazen gu mugitzera".