Kazeta

Baionako pietunak berriro kexu

Lan baldintza ezinezkoak, eta Postako zuzendaritzaren jarrera salatzeko elkarretaratze bat antolatuko dute otsailaren 14ean Baionako pietunek Lapurdiko hiriburuan.

Baionako postariek elkarretaratze bat antolatu dute beren desadostasuna adierazteko. ©Isabelle Miquelestorena
Baionako postariek elkarretaratze bat antolatu dute beren desadostasuna adierazteko. ©Isabelle Miquelestorena

Baionako pietunak haserre daude azken denbora hauetan. Izan ere, lana eskutitzak bezainbat metatzen zaiela salatu dute horiek. Horrez gain, lan baldintzak txartuz doazkie. Hori dela eta, beren ahotsa entzunarazteko, elkarretaratze bat antolatuko dute otsailaren 14ean.

Baionako postaren salaketa ez da afera berria. Oroitarazi behar da 2016ko ekainean 17 eguneko greba bati ekin zioten jadanik pietunek. Garaian, 12 itzuli kendu nahi izan zizkien Postako zuzendaritzak, baina azkenean, 7 salbatu zituzten pietunek. Garaipen bat izan arren, desagertu ziren 5 itzuliek arazoak dakarzkiete gaur egun Baionako pietunei.

Hain zuzen ere, 5 itzuli horiek beste 38 itzulien barnean barreiatu ditu zuzendaritzak. Hau da, lana ezin dutela bururaino eraman diote Baionako pietunek eta hori gauza nabarmena da Lapurdiko hiriburuan. Hori frogatzeko aski da zezen plazaren auzora joatea eta bertako postetxean metatzen diren 24 gutun paketeak ikustea. Halako arazoak aldiz, Baionako beste auzoetan ere aurki daitezke. Hala nola, Espiritu Sainduan auzoan, erdika manatzen dituzte gutunak.

"Noski, jendea dagoela zigortua" erran du CGTko Anne Campetek, "baina gure lana ahal bezain ongi egiten saiatzen gara, hala ere". Jakin behar da eguneroko gutunak ahalik eta hobekien manatzeko 47 pietun beharko liratekeela orotara, baina 43 baizik ez dira oraingoz. Oren gehigarriak egin behar dituzte beraz Baionako pietunek.

Haatik, oren gehigarri horiek obratu ezean, zemaika hasten zaie Postako zuzendaritza. Dena dela, oren gehigarriak inposatzea da zuzendaritzak duen eskubide bat, "baina ez goizeko 07.00etan abisatuz arratsaldean egiteko" erantsi du Anne Campetek. Oren horiek egin gabe bukatzen baldin badute eguna, diziplina zigorrak ukanen dituztela erraten dieten eskutitzak jasotzen dituzte pietunek.

Postaren irudi txarra

Lan baldintza txar horiek eta Postako zuzendaritzaren mehatxuak ez dira kasu bakanak. Esaterako, Estatu frantses osoan antzeko egoerak salatuak izan ziren iaz. Besteak beste, eritasun gelditze asko izan ziren, baita suizidioak ere bai. Posta, "Orange berria" deitzeraino joan ziren batzuk, duela zenbait urte telekomunikazioko sozietatean izandako langile batzuen suizidioak oroitaraziz.

Postaren irudi txar hori agertu zen pixka bat Estatu frantseseko hedabideetan. Horregatik, Postako zuzendaritzak negoziaketak hasi zituen sindikatuekin eta CFDT eta FOrekin hitzarmen bat izenpetu zuten 2017ko urtarril hasieran. Alabaina, hitzarmen horrekin ez dator bat CGT sindikatua. "Postako zuzendaritzari fitsik kostatzen ez zaion hitzarmena da hori" Anne Campeten erranetan. "3.000 lanpostu berri sortuko omen dituzte datozen hiru urteetan, baina anartean, beste 8.000 desagertzen dira urtero".

"Badakigu gure egoera zailaren berri duela zuzendaritzak eta mugitzen gara ongi baitakigu gure alde jo dezakeela nahi badu", azaldu du Anne Campetek. Ortzaizen adibidez, ordezkatu gabe tokiz aldatu zuten pietun bat deitu dute berriz. Halako jarrera bat ere espero dute Baionako pietunek.