Iurre BIDEGAIN

Sasiko Gaztetxea: "sinesgarritasuna eta bidezkotasuna" defentsaren oinarriak

Hendaitz Gazte Asanbladaren abokatuak elkartearen kontrako salaketa ezarri duen aldeari argumentuak bidali dizkio. Egoitzaren ibilbide historikoa kontutan hartuz, gazteen okupazioa "sinesgarria eta bidezkoa" dela uste du Filipe Aramendi abokatuak. Prozedurak iraunen duen bitartean, ezin dituzte gazteak gunetik kanporatu.

 Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala.
Sasiko Gaztetxearen estreinaldi ofiziala.

Hendaiako Sasiko Gaztetxearen aferak justiziaren esku segitzen du. Egoitzaren jabe den APHP Pariseko Ospitaleak erakundeak salaketa aurkeztu eta, auzia gibelatu zuten defentsaren abokatuak eskatuta. Hain zuzen, Hendaitz Gazte Asanbladako abokatua den Filipe Aramendik urtarrilaren 18rako bere argumentuak bidali behar zizkion helegitea jarri duen erakundearen abokatuari. Defentsaren argumentuen oinarria egitasmoaren "sinesgarritasun eta bidezkotasuna" da.

Aramendik azaldu duenez, lehenik, prozedura mailako argumentu bat baliatu du. Hots, abokatuaren aburuz, Instantzia epaitegia ez da gai gisa horretako gaiei erantzuteko. "Afera horretan, auzitegiaren konpetentzia zalantzan eman dut. Uste dut beste auzitegi baten aitzinean joan beharko litzatekeela gaia", aipatu du.

Mamiari dagokionez, legez kanpo egoitza okupatzen duten arren, "okupazioaren sinesgarritasuna hor dago", Aramendiren iritziz. Oroitarazi behar da, egoitzaren jatorrizko jabeek etxea ospitaleari eskaini ziola erietxean zeuden senideak aterpetzeko xedez.

"Hastapenean helburu soziala zuen. Lehenengo jabeek hala nahi zuten eta urte hauetan ez dute asmo hori errespetatu", erantsi du. Gazteek helburu soziala betetzen dutela dio. "Bidezkotasuna aitzinean eman dut", nabarmendu du. Hori kontutan hartuz Aramendiren esanetan, "auzitegiak ezin du asanblada kondenatu beste parteak eskatzen dituen isunak pagatzera".

Kanporaketarik ez

Argumentuak jaso ondoren, beste aldearen abokatuak epe bat du horiei erantzuteko. Bigarren fase batean auziaren data finkatuko dute. "Helburua denbora irabaztea da. Prozedurarako argumentuak onartzen badituzte, denbora irabaziko dugu hor egoteko. Nire xedea da isunak ordaintzeko ez kondenatuak izatea", azpimarratu du.

Prozedurak irauten duen bitartean, gazteak ezin dira Sasiko Gaztetxetik kanporatuak izan. Abokatuak dioenez, kanporaketa gauzatzeko, auzitegiaren erabakia beharrezkoa da.