Kazeta

Bernard Lougarot, Euskal Elkargoko lehendakaritzarako ez usteko hautagaia

Gotaine-Irabarneko auzapeza den Bernard Lougarotek Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuko du. Urtarrilaren 23an herri elkargoko presidentea hautatuko dute 17.30etatik aitzina Baionako fakultatean.

Bernard Lougarot EuskaI Elkargoko lehendakaritzarako hautagaia. ©DR
Bernard Lougarot EuskaI Elkargoko lehendakaritzarako hautagaia. ©DR

Orain arte Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagai bakarra Jean-René Etchegaray bazen ere, aurkari bat izango du. Bernard Lougarot Gotaine-Irabarneko auzapezak hautagai izatea erabaki du. Demokraziaren, baita herri ttipien ordezkaritzaren defentsa ere bere erabakiaren arrazoi nagusiak dira. 

"Pertsona bakar batek bere burua aurkeztuz gero, edo nire sinesmenak ordezkatzen ez dituen norbait aurkezten bada, hautagaia izango naiz", azaldu du Lougarotek. Azpimarratzekoa da, bada urte bat Herriko Etxeetan antolatu ziren bozketan auzapezak herri elkargoaren kontra bozkatu zuela. Orain, ordea, lurralde kolektibitatearen buru izan nahi du.

Ez zaio normala iruditzen kargurako hautagai bakarra izatea. Hots, Jean-René Etchegaray 
Hautetsien kontseiluko eta Gidaritza batzordeko lehendakaria. "Aukerarik gabeko hautaketa bat ez da aukeraketa bat. Demokraziaren kontra doa", nabarmendu du. Halaber, domaia iruditu zaio eztabaidarako denbora gehiago ez ukan izana. Etchegarayk lehendakaritzan egin nahi duena jakiteko, batez ere.

Oposizioko taldea

Bere problematikarekiko arrazoi duela pentsatzen dutenek bere alde bozkatuko dutela uste du. "Batzuek zoriondu naute nire jarrerarengatik. Baina, hala ere, errealista naiz", azaldu du Xiberoko auzapezak.

Lehendakari izatea lortzen ez badu, oposizioko talde bat eratuko luke. "Horrela egin dugu Xiberoko herri elkargoan. Talde ttipi bat elkartzen ginen bilkurak baino lehen. Espero dut berdin egiten ahalko dugula. Baldin eta, Euskal Elkargoko animazioa ongi izatea eta komisioan eztabaidatu ahal izatea", erantsi du.