Kazeta

Jon Palais-ren auzia urtarrilaren 23an trenkatuko da

Pariseko BNP Paribas bankuko egoitzan kadera bat "osteagatik" epaitu dute gaur Jon Palais Bizi! mugimenduko kidea Akizeko epaitegian. Epaia, aldiz, urtarrilaren 23an jakinen da. Prokuradorea ez da ebastearen kontzeptuarekin ados.

 

Jon Palais epaitegian, Eva eta Caroline Jolyren ondoan. © Isabelle Miquelestorena
Jon Palais epaitegian, Eva eta Caroline Jolyren ondoan. © Isabelle Miquelestorena

Jon Palais-ren auzia iragan da gaur arratsaldean Akizeko epaitegian. Epaiaren erabakia urtarrilaren 23rako finkaturik, prokuradoreak epaiketarako konbokazioa (COPJ) bertan behera uzteko eskatu du. Nahiz eta behin betiko erabakia ez izan, prokuradoreak Jon Palais kargurik gabe uzteko tendentziak, menturaz, sosegatu ditu militantearen sustengatzaileak.

Goizean etorri ziren horiek Akizeko epaitegiaren atarira besta giroa lagun. Alabaina, ainitz arriskatzen zuen hango epaitegian zeinaren kasua aztertzen ari ziren gizonak. Hain zuzen ere, bost urteko kartzela zigorra zeukan begi bistan 75.000 euroko isunarekin batera. Arrazoia : zerga ihesaren kontrako ekintza batean, Bizi! mugimenduarekin BNP Paribas bankuari Parisen duen egoitza batean aulkiak "ebatsi" izana. Munta handiko auzia zen orduan gaurkoa, eta eguna ez da gertakariz bipil iragan.

Arratsalde hastapenean ekin zioten Jon Palais-ren auzia trenkatzeari. Ekologista gazteak Caroline eta Eva Joly abokatu zituelarik, BNP bankuak ordezkaririk ez zuen igorri epaitegira. Ingurumaririk gabe mintzatu da ordea Jon Palais epaitegian : bere burua ez du jendiletzat kontsideratzen, baizik eta gordetzen ez den desobedentzia zibilaren militantetzat. Hori erran baino lehen, prozedura bertan behera uzteko eskatu berri zuen prokuradoreak.

"Gobernuek eta europako komisioak ez dute fitsik egiten"

Bere aldetik, euro sinboliko bat galdegin zion BNP Paribas bankuak Jon Palais-ri. Baina nabarmendu dena Eva Jolyren defentsa izan da : "Jon Palais eta bere antzekoengan baizik ezin dugu konfientzarik eduki. Gobernuek eta Europako komisioak ez dute fitsik egiten."

Epaitegiaren barnean Jon Palais-ren auzia eramaten zen bitartean, kanpoaldean, zerga ihesarena egiten ari ziren sustengatzaile mordo bat. Izan ere, goizeko tenperatura hotzek ez zituzten manifestariak kikildu. Alderantziz, samaldaka hurbildu zen jendea Akizeko epaitegira, eta horien artean bostehun pertsonek mahai inguru bat segitu ahal izan zuten goiz honetan, karriketan barrena manifa bat abiarazi aitzin. Auziaren dimentsioa areagotu duten pertsonalitate garrantzitsuak ziren mahai inguruan : Yannick Jadot (EELV), Philippe Poutou (NPA), eta Jean Lasalle(zentrista), Benoît Hammonen ordezkaria (PS), eta ezkerreko Jean-Luc Mélenchonen ordezkariak.

Nahiz eta eztabaida bat ez izan, ideiak azaldu dira, eta datu zenbait oroitarazi dituzte. Zerga ihesarengatik, 40 eta 60 miliar arteko diru kopurua galtzen du urtero frantses Estatuak. Diru desagertze horren irudikatzeko salatze ekintzak biderkatu ditu Bizi!-k azken urteetan, banku batzuei aulkiak hartuz edo hauen harrera gelak okupatuz.