Odei BARROSO

Harremanak

IRITZIA- Bertsulariak gaur egungo gizartean eraikitzen diren harremanetaz hausnartu du. Harremanetaz eta harreman ezaz. Besteekiko "enpatia falta" eta "kolektiboaren indibidualismoa" nabarmendu ditu. "Gurearekiko hainbeste sentsibilitate izanik, ez dut ulertzen ahal nolaz horren enpatia gutti izan dezakegun batzuetan besteen kausekiko", erantsi du.

Odei Barroso iruditan.
Odei Barroso iruditan.

Harreman hitza, hartu eta eman hitzen elkartzetik dator. Hartu nahi duenak zeinek emana behar du, ematen duenak hartzaile bat behar duen gisan. Usu gertatzen zaigu, zerbait hartu eta zorretan sentitzea edo eman duenak zerbait zor diotela pentsatzea. Hori ez da harremana, hori ez da ematea, hori ez da hartzea. Hori eskatzea da, leporatzea. Itzuleran deus espero gabe emanen dugularik, eskatu gabe hartzen ikasiko dugularik, orduan, eta soilik orduan, sortuko dira harremanak. Heritarrok ez dakit hori barneratua ote dugun, baina herriak bai. Horregatik eman digu lur bat: harremanak erein ditzagun.

Herrien arteko gerlak parekoa bidetik kenduz irabazten dira, herrien borrokak aldiz parekoa bidera ekarriz.

Kezkatzen nau gaur egungo gizartearen besteekiko enpatia faltak, harreman berrietarako gaitasun ezak, kolektiboaren indibidualismoak. Bakoitza bere kausetan murgiltzen da, bakoitzak bere borrokak ditu, bere egia, bere arrazoia... Besteen egia zalantzan ezartzen dugu, gure gezurrak sinesteraino. Gurearekiko hainbeste sentsibilitate izanik, ez dut ulertzen ahal nolaz horren enpatia gutti izan dezakegun batzuetan besteen kausekiko.

Euskaldunok dohai handi bat erakutsi dugu beti, gure errealitatea sortzeko dohaia. Eraiki dugun auto-defentsa moduko bat da biziraun ahal izateko. Arrain handiak ttikia jaten duen ozeanoan uharte ttiki bat da sortu duguna. Hor bederen bizirik iraun dezakegu. Ordea, gure uharteak baditu bere arriskuak: hortik ateratzeko beldurrez gaude, besteak horra sartzeko beldurrez dauden bezala.

Gezurrik erran gabe, karrikatik ibiltzen goazelarik beste errealitate batekin egiten dugu topo, gurea ez den errealitate batekin. Horrelakoetan, berriz ohartzen gara globo berean mundu paralelotan bizi garela, euskal eta erdal mundua bi mundu direla, bi lerro paralelo: beti ondoan baina ukitu gabe.

Gure manifestaldietan, elgarretaratzeetan, hitzaldietan eta ekitaldietan, adibidez, jende berdintsuarekin eta jende berdintsuarentzat aritzen gara. Aurrez egindako zubiak ederki erabiltzen dakigula frogatu dugu. Baina orain, gure uharte ttikitik zubi berriak eraikitzeko momentua da, besteen uharteetara iritsi ahal izateko eta besteak gurera etortzeko. Ozeanoan gure esperoan diren arrain handien gainetik pasatzeko bide bakarra da.

Harreman, enpatia, elkar-ulertze eta errealitateen hurbiltzearen harira burura heldu zaidan adibide batekin bukatu nahiko nuke. Urriaren 29an Senegaldar bat hil zen Iruñeako komisaldegi batean eta azaroaren 13an preso bat urkatu zen Baionako espetxean. Nik dakidanez gure inguruko nehor ez zen sustengua erakustera hurbildu, beraiek azaroko azken ostiraleko elkarretaratzeetara hurbilduko ez diren bezala. Beharbada guk eman beharko dugu lehen urratsa beraiengana joateko, gerora beraiek ere gureganako urratsa eman dezaten.

Denborak erakutsiko digu pertsonen artean uste baino berdintasun gehiago daudela eta harremanak uste baino errazagoak izan daitezkeela batzuetan.
Badakit ezin garela denetan izan, gure borrokak ditugula guztiok, gure lehentasunak eta obligazioak. Denbora infinitua bezain mugatua baita. Baina ordulariaren orratz kolpe batetik bestera beti bada tartetxo bat besteengana hurbiltzeko, entzuteko, mintzatzeko, hartzeko eta emateko. Azken batean: harremantzeko.