Kazeta

Urdiñarbe: afixa batek polemika sortu du

Urdiñarbeko herriko ostatuaren ordutegien afixak polemika sortu du. Isabelle Wenzel argazkilariaren irudia "sexista" litzateke sare sozialetan agertu diren oharren arabera.

Urdiñarbeko herriko ostatuaren afixa.
Urdiñarbeko herriko ostatuaren afixa.

Urdiñarbeko herriko ostatuak Isabelle Wenzel argazkilari alemaniarraren irudi bat hautatu du ordutegien berri emateko. Euskarrian aurpegia gordeturik eta makurturik dagoen emazte bat ikusten da. Ator eta kolanteekin bi kikara atxikitzen ditu. Sare sozialetan argitaratu bezain fite zenbait erabiltzailek afixa "sexista" dela azaldu dute.

Erabiltzaileek, "lotsagarria", "errespetu falta", "apalgarria" eta "sexista" adjektiboekin definitu dute iragarkia. Batzuk haratago doaz. Erabiltzaile batek argitalpenaren arduradunek bi aukera dituztela dio: "afixa kendu eta barkamenak eskatzen dituzte edo helegite juridiko bat aurkezten dugu".

Artista alemaniarrak irudien bidez jarrerak azaltzen ditu. Autoportretak egiten ditu. Hots, bere gorputza makurtzen du eta askotan euskarriak eusten ditu forma berezi bat sortzeko; beti ere bere aurpegia gordetuz.