Goizeder TABERNA

LAB sindikatuaren kontrako helegitea aurkeztu du CGT-k

Estatu frantsesean heldu diren azaroan eta abenduan izanen diren enpresa tipietako hauteskundeetan LAB ez aurkezteko errekurtsoa aurkeztu du CGT sindikatuak.

LABek uztailaren 28ko auzia baino lehen beren sustengua adieraztera deitu ditu erakundeak. © Isabelle MIQUELESTORENA
LABek uztailaren 28ko auzia baino lehen beren sustengua adieraztera deitu ditu erakundeak. © Isabelle MIQUELESTORENA

LAB sindikatuak ez ditu enpresa tipietako hauteskundeetan parte hartzeko baldintzak betetzen, CGT sindikatuaren iritziz. Ondorioz, Azaroaren 28tik abenduaren 12ra izanen diren hauteskundeetarako, bere hautagaitza deuseztatzea galdegin dio sindikatu frantsesak Bordeleko epaitegiari, ekainaren 22an aurkeztu duen helegite batean. Auzia uztailaren 28an izanen da.

Hauteskunde horiek sindikatu bakoitzaren pisua neurtzen dute. Prud’hommes-tan, adar bakoitzean eta batzorde parekideetan bakoitzak duen tokia definitzen dute. LAB sindikatuak Akitania Berrian aurkeztu zuen bere burua, kontsulta eskualdeka antolatua baita eta lanaren zuzendaritza frantsesak, Dirrect erakundeak, onartu zuen.

Erabaki hori dudan jarri du CGT-k. Bere webgunea aztertu ondoren, Euskal Herriko sindikatuak ez dituela balore errepublikarrak errespetatzen ondorioztatu du. "Bere helburua berdintasunaren eta diskriminazio ezaren kontra" doala dio KAZETAk eskuratu duen errekurtsoan.

Horretarako, adibideak jarri ditu. Horietako bat, LABek bere estatutuetan zehaztu duen puntu hau da: "Euskarak toki berezi bat izanen du sindikatuaren bizian, elebiduntasuna izanen da ibilmoldearen oinarria". Alabaina, ondokoa da CGTren interpretazioa: euskara mintzatzea obligazio bat da.

Independentista

Euskal sindikatuaren izaera independentista baliatu duen beste argumentu bat da. Estaturik gabeko nazioen sindikatuaren plataformako kide izatea LABen kontrako froga bat bilakatu da, adibidez. "Bere burua sindikatu frantses gisa ez definitzeak, euskal herriaren ezagupena eta bere autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeak, Errepublikaren printzipio nagusiekin bateragarri ez den helburu bat eta proiektu bat adierazten dute", ebatzi du CGT-k. Gainera, ohartarazi du sindikatu batek ez duela proiektu politiko bat defendatu behar baizik eta langileen eskubideak.

Helegite hori "demokraziaren kontrako eraso bat" dela dio Eñaut Aramendy LABeko bozeramaileak. Aldarrikapen eta mobilizazio garai honetan, batasun eskaera agerikoa den honetan, mobilizatuak diren pertsonen kontrako irain bat dela uste du. "CGTk erabakitze eskubidea kentzen die langileei. Zeren beldur da? Eztabaidaz? Beste sindikatu batzuek boterea kentzeaz?", galdezkatu du.

"Ipar Euskal Herri mailan antolatzea, Euskal Herriarentzat egitura sozio-ekonomiko egokia aldarrikatzea, hara zeintzuk diren errekurtsoaren arrazoiak", salatu du Geronimo Prieto LABeko kideak Mediabask-i egindako elgarrizketa batean, "argi da eztabaida ez dela sindikala, eztabaida politikoa da eta gai hori ezagutzen ez duten epaileen aitzinean argumentu juridikoekin erantzun beharko dugu".

Hala ere, kexa aurkeztuz, CGT-ren kalkulua frantses lurraldeko sindikatu tipiak baztertzea dela uste du militanteak: "Lehen indarra izaten segitu nahi du eta horretarako enpresa tipietako hauteskundeak toki hori atxikitzeko posibilitate bakarra dira".

Korsikako sindikatuak

Korsikako Langileen Sindikatuak, STC-k, mota bereko helegitea jasan du eta uztailaren 4an bere kontrako erabakia hartu zuten epaileek. Bere kasuan, CFDT, CGT, FO eta CFTC sindikatuek egin dute errekurtsoa. Orain, kasazio auzitegiak aztertuko du afera. Haatik, STC, Korsikako langile egitura nagusia da eta bere hautagaitzaren deuseztatzeak ondorio pisuak izanen lituzke uhartean. Etienne Santucci STCko idazkari nazionalaren iritziz, eraso hori ideologikoa da.

LABen kasuan, kexa ez da Ipar Euskal Herriko egituratik aurkeztua izan, Parisetik baizik. Hango arduradunek ez dute auzia iragan baino lehen adierazpenik egin nahi. Karl André CGTko departamenduko bozeramaileak, berriz, "jakinaren gainean jarri gaituzte. Hemen, errespetuzko harremana dugu LABekin", baizik ez du adierazi.

Hala ere, jakina da, sindikatu abertzalea sortu denetik, bi sindikatuen artean harreman ofizialak bakanak direla. Haatik, azken denboretan, oinarriko militanteen artean bereizketa gero eta tipiagoa da.