Iurre BIDEGAIN

Katuky Saguyaki, marrazkiarekiko maitasunak gidaturik

Kukuxumuxu utzi ondoren, Mikel Urmeneta eta bere ibilbidean lagundu duten hainbat marrazkilari historikok marka berri bat aurkeztu dute: Katuky Saguyaki. Umore sortzailearen ildo bera segituz, lehen ekoizpenak Iruñeko Sanferminetarako ezagutaraziko dituzte.

Katuki Saguyaki markaren lehen ekoizpenak Sanferminetarako prest izanen dira. ©Isabelle Miquelestorena
Katuki Saguyaki markaren lehen ekoizpenak Sanferminetarako prest izanen dira. ©Isabelle Miquelestorena

Kukuxumuxun parte hartu duten marrazkilari historiak berriz bildu dira Baionan otsailaren 5ean. Markarekin izandako tira-birak eta gero, Mikel Urmenetak, Asisko Urmeneta, Marko, Txema Sanz eta Belatzekin batera, proiektu berri bat aurkeztu du: Katuky Saguyaki. Nahiz eta oraindik pintzelkada batzuk falta diren, proiektua bideratuko duten printzipioak argi dituzte: ongi pasatu, ongi pasarazi eta egiten dutenarekin gozatu.

Marrazkiarekiko duten maitasunak gidaturik, marka berriak egiteko molde berritzaileak bultzatzeko xedea du. Horien artean, haien egitasmoaren printzipioekin bat egiten duten egituren produktuak salduko dituen webgunea. Alabaina, Sanferminetarako aurkeztuko duten marka berriaren produktuak aipatu baino lehen, Mikel Urmenetak Kukuxumuxurekin gertatutakoa azaldu du.

Marrazkilari iruindarrak markak salmenten gailurra ezagutu ondoren krisiari ez ziola aurre egin ahal izan aipatu du. Horren eraginez, enpresa hartzekodunen lehiaketara atera zuten, gidaritza Ricardo Bermejoren esku utziz. "Jostailu berri bat erosi zuen, jarraibideak irakurri gabe", aipatu du. Urmenetak jabe berriak "Kukuxumuxuren filosofiari bizkarra eman ziola" dio, hots, "tipografia aldatu zuen, marrazkiak egileen baimenik gabe aldatu zituen eta tratu txarra eman zion euskarari".

Artistak "markatik urrundu ondoren", kaleratu zutela salatu du. "Oraindik akzioak ditut baina balio guti dutela pentsatzen dut", gehitu du. Halaber, gaur egun Kukuxumuxuk iraganeko autoreen marrazkiak berriz egiteko baimenik ez duela nabarmendu du; "bakarrik orain arteko marrazkiekin komertzializatu dezakete".

Arkatzaren punta segituz, sekula baino lasterrago sortu dute marka berria marrazkilari zirikatzaileek. "Ez gara prest gure sorkuntzaren unibertsoak arnas egin ez dezan", azpimarratu du Asisko Urmenetak. Katuky Saguyakiren izenaren gibelean benetako istorio bat dagoela erantsi dute. Horrek "gatuen janaria, saguaren janari gozoa" adierazpenari erreferentzia egiten dio; "hala ere, norberak bere zentzua ematen ahal dio".

Zubi berritzaileak

Ekoizpen propioak egiteaz gain, erakunde, elkarte eta norbanakoei ere beren zerbitzua eskainiko dute, besteak beste. Gisa berean, elkartasun kanpainak egiteko prest direla azaldu dute; "adibidez, ingurumenari eta gizarteari lotutako problematikei buruzkoak". 

Halaber, sortuko duten webgunearen bidez merkatu berritzaile bat martxan jarri nahi dute. Hots, Katuky Saguyakiren produktuak saltzeaz gain, markaren printzipioarekin bat egiten duten eragileen produktuak eskaintzen ahalko dituzte; "norberak bere espazioa ukanen du". Mikel Urmenetak Eduard Punset idazlea, Andres Buenafuente umorista eta Estopa musika taldeak parte hartuko dutela iragarri du.

Gainera, nahiz eta oraindik proiektua lantzen ari diren, beste arlo batzuekin elkarlana sustatu nahiko luketela esplikatu du. Adibidez, zientzia, ingurumena eta teknologiarekin, nolabaiteko zubia sortzeko. "Zergatik ez kolorez aldatuko duten tixertak sortu edo bakteriekin marraztu?", proposatu du Urmenetak.

Argi utzi dutena da lehen tisertek Sanferminetako bestak islatuko dituztela; Urmenetaren ibilbidean ospakizunek izugarrizko garrantzia izan baitute. Hilabete batzuk itxoin beharko dira sagu eta katu horien sorkuntzak zein gisako irribarrea eragingo diguten ikusteko.