Iurre BIDEGAIN

Lorentxa Guimon ospitalean dago bere eritasunaren "egoera larriaren" eraginez

Bagoazek Lorentxa Guimonen eritasuna egoera oso larrian dagoela azaldu du. Abenduaren 14tik 29ra ospitalean egon da. Baldintzapeko askatasuna onartua izan ondoren, prokuradoreak helegitea ezarri zuen. Bere baldintzapeko askatasuna aztertuko duen dei auzia urtarrilaren 14an iraganen da.

1991tik Lorentxa Guimonek Crohn eritasuna sufritzen du. ©Isabelle Miquelestorena
1991tik Lorentxa Guimonek Crohn eritasuna sufritzen du. ©Isabelle Miquelestorena

Bada 13 urte Lorentxa Guimon preso dagoela. Crohn deitutako eritasuna du eta 2012tik bere egoera okertu da. Iragan den azaroaren 24an epaileek baldintzapeko askatasuna onartu zioten baina segidan prokuradoreak helegitea aurkeztea erabaki zuen. Bere baldintzapeko askatasuna aztertuko duen dei auzia urtarrilaren 14an iraganen da. Bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok Guimonen egoera "oso larria" dela azpimarratu du, abenduaren 14tik Renneseko ospitalean dago. Abenduaren 29an, berriz kartzelara eraman dute.

1991tik Lorentxa Guimonek Crohn eritasuna du. Gaixotasun kronikoak digestio aparatuan eragin zuzenak ditu, hestea hanpatzeko arriskua duelako. Emilie Martin Bagoazeko bozeramaileak "bere eritasunarentzat tratamendurik ez" dagoela erran du. 

Preso angeluarra 2003tik kartzelan dago eta bere abokatuak 2014tik baldintzapeko askatasunaren baldintzak betetzen dituela azpimarratu du. Aurtengo martxoan eskaera egitea erabaki zuten, bizi proiektu bat aurkeztuz baina bere osasunaren egoerari lotutako arrazoiak gaineratuz ere.

"Eritasunak denboran harrapatu gaitu", aipatu du Paulus Basurcok. 2015eko abuztuan mediku aditu batek bere eritasunaren egoeraren estimatzea egin zuen eta hiru ondorio azaldu zituen. Alde batetik, bere eritasuna kartzelan tratatua izatea "oso konplikatua" dela. Bestalde, gaixotasunaren egoera oso larria dela eta "azken indizeetara" ailegatu dela. Azkenik, "gaur egun kartzelak eritasuna zailtzen ahal duela", abokatuak esplikatu duenez. "Adituak ondorioztatu du Lorentxak ez duela beste eri bat bezala tratatua izateko eskubidea", gehitu du.

Guimon ospitalean

Azaroaren 24an Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna onartu zion. "Horrek erran nahi du epaileak Lorentxak sufritzen duen kalbarioaz ohartu direla", aipatu du Paulus Basurcok. Hala ere, prokuradoreak segidan helegitea jarri zuen. Geroztik, presoaren egoera okertu dela azaldu du.

Azaroaren 30ean Renneseko ospitalera urgentziaz eraman zuten. Abenduaren 9an medikuarekin hitzordu bat zuen baina abokatuak esplikatu duenez "zuzendariak seguritatea betea ez zela erabaki ondoren ez zuten ospitalera eraman". Abenduaren 14an Guimon berriz ospitaleratu zuten urgentziaz eta abenduaren 29an, berriro kartzelara sartu. "Dei Auzitegiak hartuko duen erabakia txarra izateaz beldur gara. Oso kezkatuak gara", azpimarratu du abokatuak.

Bagoazek gaur egun 420 preso politiko daudela oroitarazi du eta horietako hamar eri direla aipatu du. Ibon Fernandez Iradik sufritzen duen esklerosiz anizkoitzaren gaixotasuna gogoratu ondoren, "eri diren presoak berehala askatuak eta baldintzapeko askatasunak onartuak izan daitezen" exijitu du. "Pariseko epaileei dei egiten diegu bake prozesuan urrats bat egin dezaten", gehitu du Martinek. Halaber, urtarrilaren 9an Baionan eta Bilbon eginen diren manifestazioetan parte hartzeko deia luzatu dute.