Kazeta

Ortzaizeko sostengu taldeak bake prozesuaren inguruko mintzaldia antolatuko du abenduaren 18an

Ortzaizeko sostengu taldeak bake prozesuaren inguruko mintzaldia prestatuko du abenduaren 18an. Frédérique Espagnac senatariak eta Bake Bideako bozeramailea den Anaiz Funosasek parte hartuko dute, besteak beste.

Mintzaldia Ortzaizeko Denen etxean iraganen da 20.00etan. (Isabelle Miquelestorena)
Mintzaldia Ortzaizeko Denen etxean iraganen da 20.00etan. (Isabelle Miquelestorena)

Uztailaren 7an Ortzaizen burutu zen operazioaren karietara, herritarrak bildu eta sostengu talde bat sortu zuten. Desmartxaren xedea herritarrei Euskal Herriko egoeraren inguruko informazioa eskaintzea da, besteak beste. Horretarako, heldu den abenduaren 18an bake prozesuaren inguruko mintzaldi bat antolatuko du 20.00etan Ortzaizeko Denen etxean: "Bake prozesua? Zendako? Zertan da?".

Eztabaidan Ipar Euskal Herriko hainbat eragile mintzatuko dira. Hain zuzen ere, Bake Bideako bozeramailea den Anaiz Funosas, Jean Pierre Massias gatazken konponbidean aditua, Frédérique Espagnac senataria, Eguzki Urteaga soziologoa eta Mikel Epalza Atxik Berrituz kolektiboko kidea.

Ortzaizeko sostengu taldeak sendotzea erabaki zuenean, kidea den Grazi Etxebeherek "informazioa herritarrei ez zaiela ailegatzen" aipatu zuen. "Gure artera ekartzen baditugu, etxeko arazoa noizbait eginen da", azaldu zuen Etxebeherek.

Euskal Herriko konponbidearen inguruko informazioa "bereganatzeko" xedea duen ekimenaz gain, taldeak beste hitzordu batzuk antolatu ditu. Adibidez, Ortzaizen azaroaren 15ean iragan zen sostengu bazkaria. "Arrakasta handiko" elkarretaratzean ehunka herritarrek beren sostengua helarazi zuten.