Kazeta

Ezker abertzaleko 35 militanteen kontrako auzia abian da

Urtarrilaren 12an hasi behar zuen auzia gaur, abenduaren 3an, abiatuko da Audientzia Nazionalean. 2007an Seguran abiatu zen operazioaren karietara ezker abertzaleko 35 militante akusatuen aulkian jarri beharko dira. Horien artean Ipar Euskal Herrikoak diren Haizpea Abrisketa eta Aurore Martin atzematen dira.

 

Pernando Barrenak adierazpenak egin ditu auzia baino lehen. ©Aitor Agirrezabal
Pernando Barrenak adierazpenak egin ditu auzia baino lehen. ©Aitor Agirrezabal

Ezker abertzaleko 35 militanteen kontrako auzia abenduaren 3an abiatuko da Madrileko Audientzia Nazionalean. Baltasar Garzon epaileak 2007ko urrian Seguran abiatu zuen sumarioan "ETAko kideak izatea" leporatzen diete auzipetuei. Ipar Euskal Herrikoak diren Aurore Martin eta Haizpea Abrisketa ere epailearen aitzinetik pasa beharko dira. Auziaren kontrako elkarretaratze bat egin dute abenduaren 3an 19.00etan Urruñako biribilgunean.

Audientzia Nazionalaren aitzinean, auzia hasi baino lehen, auzipetuek beren eginkizun politikoa aldarrikatu dute. Auzipetua eta Sortuko bozeramailea den Pernando Barrenak bada 45 urte Burgoseko prozesua hasi zela oroitarazi du. Horrek "frankismoaren bukaeraren hasiera" irudikatu zuen. Halaber, abenduaren 3an hasi den auzia "pertsekuzio politikoan oinarritzen diren auzi politikoen amaieraren hasiera" izatea espero du.

Haizpea Abrisketa epailearen aitzinetik pasa den lehen auzipetua izan da. Erantzun du bere abokatuak egin dizkion galderei. Abrisketak bere bide politikoa eta Europar Parlamentuan burututako lana azaldu ditu. "ETAren agindurik jaso ez" duela nabarmendu du. Bere kontra agertu diren frogen artean, prentsaurreko baten irudia erakutsi dute; aldiz Ipar Euskal Herriko auzipetua ez da argazki horretan agertzen, berak erantzun duen bezala.

 

Aurrekariak

2007an Seguran (Gipuzkoan) Garzon epaileak 23 lagun atxilotzeko agindua eman zuen eta poliziak hainbat egoitza eta etxebizitza miatu zituen. Batasuna berriz antolatzeko bilkura batean parte hartzea leporatzen zieten. Abenduaren 3an parte hartuko duten hamaika pertsona operazio horretan atxilotu zituzten.

Epaileak ETAren estrategia segitzea leporatzen zien auzipetuei. Ezker abertzaleak Batasunaren kontrako operazio politikotzat jo zuen.

Berez, makroepaiketa urtarrilaren 12an abiatu behar zuten, baina egun berdinean "Mate" operazioaren karietara hamasei pertsona atxilotu zituzten. Haien artean, defentsa bideratu behar zuten abokatuak. Horren eraginez, auzitegiak beste data bat finkatu zuen: urtarrilaren 29a. Orduan, Haizea Ziluaga abokatuak defentsa utzi zuen eta gibelapen berri bat eskatu zuten. 4/08 sumarioko auzia azaroaren 23an abiatu behar zuten arren, egun batzuk lehenago abenduaren 3ra gibelatzea erabaki zuten.

Karmele Aierbe auzipetuak "defentsa hoberena eraso on bat dela" azaldu zuen Usurbilen egindako ekimen batean. Hain zuzen ere, epailearen aitzinean "bakearen gizon eta emakumeak direla eta Euskal Herria independente eta sozialista bat nahi dutela" aldarrikatuko dute. "Horren alde lan egin genuen 2005 eta 2007 artean eta gaur egun ere", gehitu dute.

Ipar Euskal Herritik joanen diren Haizpea Abrisketa eta Aurore Martinek denbora honetan jasotako sostenguari esker auzia "babestuak" hasiko dutela iragarri dute. Biek militanteak kondenatuak badira "injustizia" bat eta "eskubideen urraketa bat" liratekeela kontsideratu dute.

Hauek dira epaituko dituzten militanteak:

Haizpea Abrisketa, Tomasa Alejandro, Nuria Alzugarai, Egoitz Apaolaza, Aitor Aranzabal, Alazne Arozena, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Angel Mari Elkano, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Marije Fullaondo, Ino Galparsoro, Peio Galvez, Jon Garai, Mikel Garaiondo, Antton Gomez, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Iñaki Olalde, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Joana Regueiro, Arantxa Santesteban, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Mikel Zubimendi, Gorka Murillo, Jesus Mari Agirre, Juan Karlos Ramos, Nekane Erauskin, Karmele Berasategi eta Aurore Martin.

Frédérique Espagnac senatariak sostengua helarazi nahi izan die Ipar Euskal Herriko bi auzipetuei: