Xabier SOUBELET

Ziburuko ikastola.

Ziburuko ikastolak iragan den astean iragarri zuen 300.000 euroko lur bat erosiko zuela Kaskarotenea ikastola berriarentzat. Xabier Soubeletek, Donibane Lohizuneko auzoak Seaskak hartutako erabakiaren inguruan hausnartu du.

 

Azken berriak irakurriz, Seaskak 300.000 euroko lur bat erosteko erabakia hartu du, Ziburun ikastola berria eraikitzeko. Zehastasunetan ez naiz sartuko, bai aldiz funtsean,   agian nehor   ez dena ausartzen esaten.


Iaz, jadanik, horri buruzko elkarrizketa bat, buruz buru, Seaskako lehendakaria den Paxkal Indorekin izan nuen, batez ere nere zalantzak adierazteko. Ez 300.000 euro lur batean gastatzeagatik, hori ez baitzen batere aipatzen  oraino, ez eta ere Udaletxean izan dituzten zalapartetaz, ez baitziren oraino gertatu. 

Nahiz eta Poulou auzapezak  argia moztea eta halako astokeriak egitea onargaitza izan, ene solasa ez doa horretara.

Irakurleak jakin behar du,  lehenik, "Donibane Ziburuko ikastola" jadanik Donibane Lohizunen kokatuta dagoela orain 45 urte hurbil, eta oraino haur gehiagorentzat lekua baduela. 

Donibaneko Herriko etxeak, irtenbide berri bat aurkitu diola ere eta herrian hustu den eskola batean sartuko duela.

Donibane eta Ziburun artean zubi bat baizik ez dago eta betitik bi herriek bat egin dute euskararekiko. Orduan zergaitik ikastola bat Ziburun baldintzak ez badira ematen?



Seaskaren presidentearen argudio nagusia hauxe omen da : Ikastola gehiago= ikasle gehiago.
Agian ikerketak egin dituzte eta hala liteke baina zentzuduna ote da hamabi haurrentzat ikastola bat eraikitzea, orai dakigun prezioa, horri eraikuntza eta gastoak itsasita, nahiz eta hemezortzi izan datorren urtean?

Batekin eta bestearekin mintzo ondotik bi gauza agertzen zaizkit, mingarriak biak:

- Bat, Ziburukoek haien esku izan nahi dutela ikastola berria, Donibanekoarekin harreman txarrak omen dituztelako. Zer harreman mota ote dira? Pertsonalak ala politikoak? Besterik ez baitut ikusten.

- Bi, Ziburuko gurasoek ez dakite, agian, zer indarrak egin behar izan diren Donibane Ziburuko ikastola lortzeko lehenik, mantentzeko eta politikoki segurtatzeko. 45 urteetako lan luzeak!

Egiari zor, ezin dute jakiten ahal, gehienak ez baitziren hor tirabira urte horietan eta Ziburu abertzaleen topaguna bilakatu baita....

Zer baldintzetan Seaskak hartu duen azken erabakia ez dakit, nahiz eta gutun bat edo beste irakurri eta....
Hegoaldean agertzen den informazioa da komunikabideei pasatzen diotena: Euskararen eraso hutsa izan dela Ziburuko alkatearena eta ikastola defenditu behar dela. Noski eraso bat dela, noski halako jokamoldeak kondenatu behar direla.  

Poulouren jokabidea iguingarria dela, bai!

Herri bakoitxak bere ikastolak izan behar duela, bai!

Bainan baldintzarik ez bada emaiten eta beste ikastola guzien egoera baldintzaten baditu, zinez, ez!
Ikastolen egoera denek ezagutzen baitugu....


Euskara ez ote litzateke bakean biziko eta ohiko familian haziko, denek bat egiten balute Donibane Ziburuko ikastolan?


Honek desadostasunak sortuko dituela badakit, Seaska sakratua iduri duelako eta ezer ez zaiolako gaitzesten ahal, baina ni, Ziburun sortua   eta   Donibanen bizia, Euskarak kostalde horretan ama bat baizik ez duela badakit: Donibane Ziburuko ikastola merkea!

Bilatu