Maite Ubiria

Syriza, Europako herrien itxaropena

Idazleak bere iritz¡artikuluan Greziaren bilakaera aztertu du. Urte hauetan herritarrek eta mugimenduek aitzina eramandako borrokak azpimarratzeaz gain, heldu diren hauteskundeei begira gogoeta sakona egin du. 

Egun Greziak bere buruaren eta bere ekintzen jabe ez den gobernu bat du. Merkatuen eta Troikaren eskuetan dagoen, eta hiritarren eskubideak eta beharrak babestu beharrean, banketxe eta inbertsio funtsen interesak lehenesten dituen gobernuaren agindupean hain zuzen ere.



Grezia austeritate politikaren laborategi bilakatu dute, Greziako herritarrak, euren gazte eta jubilatuak, politika ekonomiko maltzurren ondorioz larrialdi sozialera kondenatuz.



Zigor horri aurre egiteko, greziarrek borroka egin dutenik ezin ukatu daiteke; azken urteotako greba orokorrak, manifestaldiak nahiz okupazio zenbakaitzak horren isla dira.

Gizarte mugimendu eta ezkerreko indarren arteko elkarlanak ekarri diezaguke guri ere tunelaren amaierara eman gaitzaken argi-izpia; Syrizak, ezkerreko indarren eta herritarren batasunak, gobernura iristeko aukera errealak baititu.

Syrizaren garaipenak, Grezian eta Europan, aldaketak ekarriko lituzke, horregatik diote austeritate ereduaren kudeatzaileek beldurra ezkertiar koalizioari. Bere kontrako kanpaina bortitza martxan da, euren burua demokratatzat jotzen dutenek, hauteskunde prozesuan eragin eta greziarrak modu nabarian mehatxatu dituztela begi bistakoa da.



Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) lehenik, Greziarekiko ekarpenak eten ditu, eta horren ondotik Europako Batzordeko buru den Jean Claude Junckerrek, ezkerraren garaipenak izan ditzakeen ondorioez ohartarazi ditu Greziar boto-emaileak. Multinazionalen hobe beharrez aritzearren susmopean dagoen teknokrata luxenburgotarra, Angela Merkel kantzilerraren bozeramaile aurreratuena bilakatu da.

Ohar, deklarazio eta neurri guzti horiek xede argia dute, helburu zehatza; Greziako herritarren erabakitzeko askatasuna baldintzatzea. Duela bi urte beldurraren bidez Samaras boterera iristea lortu zuten; gaur ordea, Greziako herritarrengan benetako beldurra sortzen duena egonkortasunaren izenean honek garatutako politiken ondorioak dira.



Syrizaren programaren ardatz nagusia, urgentziazko egoera baten aurrean, herritarron ongizatea lehenetsiko duen kudeaketa publikoa litzateke. Horretarako Tesalonikan aurkeztutako agendak hainbat neurri proposatzen ditu; zor publikoaren kita prozesua, argindar eta beste oinarrizko lehengaien subsidioak eta zerbitzu publikoen doakotasuna berreskuratzea besteak beste. Doikuntza-politikak Grezian sorturiko arrakala soziala hain bortitza izanik, herritarren gutxieneko eskubideak bermatzeko neurriak proposatzeak ere kutsu iraultzailea hartzen du. Paradoxikoa.

Gezurrak bezain arriskutsuak dira ilusio faltsuak. Badakigu Syriza gobernura iritsi ezkero, aldaketa gauzatzeko traba izugarriak topatuko dituela. Baina norabidea aldatzeko aurrerapauso litzateke, Greziaren, eta herritarren, burujabetza defendatuko duen ezkerreko gobernua osatzea. Troikak ezarritako aginduen aurrean bestelako bideak egitea posible dela frogatuko lukeelako, austerizidioaren aroari bukaera emateko lehen urratsa eginez.



Guzti honengatik nire sinadura eman diot Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ezberdinek adosturiko agiriari: https://syrizarekin.wordpress.com/

Herrien burujabetza eta justizia soziala ardatz hartuta, bestelako Europa eta mundua eraikitzeko bidean elkarlana ezinbestekoa delako. Syrizako Errikos Finalisek Bilbon Troikaren aurka EH Bilduk antolatu jardunaldietan esan bezala, “gure etsaia komuna delako eta izugarria”.
Syrizarekin. Grezian aldaketa sozialaren alde.
Οι Βάσκοι υποστηρίζουν την κοινωνική αλλαγή στην Ελλάδα

Bilatu