Xipri Alberbide

Lehen mundu gerla dela eta

Idazleak hamalaueko gerlaz agertu duzuen artikuluaz bizpahiru ñabardura azaldu ditu. Lehenik, hemen, bestetan bezala, DENAK gerlaren alde ziren, bakar arraro batzu ez bada. Bazuen berrogei urte Altzazia eta Lorena hartuak zizkiola Alemaniak Frantziari eta geroztik, lur horien berreskuratzea zen helburu.

    ESKUALDUNA baino lau aldiz gehiago ale saltzen zuten beste astekari eta egunkari guziak, Bordale, Paris ala hemengo, alde bererat ari ziren. ESKUALDUNA ez zen salbuespen bat. Hain zen gerlaren aldeko propaganda handia, non gure herrietako eskoletan, haurrek berek ikasten  baitzuten tiroka, egiazko harma et egiazko kartutxekin. Tiro ariketa horiei datxikola bazen ideologia. HARIA Iruñako aldizkariak atera ale berezian irakurtzen da Ganizon Bergara Senpertarraren lekukotasuna: "Jendea berotua zuten gerlara joateko, partikularki herrietako errientek. Gazteari, eskolaren bitartez, 'esprit patriotique ' sartu zioten. Errientak aipu ditu ez ez apezak.

    Gerlaren kontra mintzatu ziren bakarrak : apez zenbait. Ez ziren denak Barbier-en ildotik ari. Ez zuten iretsia fraide eta seroren kanporatzea, apezpikutegia, Baiona eta Larresoroko seminarioak Elizari Estadoak kentzea... Etxart, Baigorriko apez nagusiak predikutik erranik Jainkoak suntsitzea merezi zuela Frantziak, auziperatua izan zen. Eta elizan berean kontradikzioa eman zioten. Ardans beneditarrari leporatu zioten baizik eta Alemanen alde otoitz egitea eskatzen zuela.
Desertatu zutenak : hango ifernua jastatu eta ihes egin nahi izan ziotenak. Ez ziren intsumizio edo baketzaletasunak pusatuak. Ideia horiek orduan aipatzea, anakronismoa da.

    Barbier eta Irabola bertsolariaren harremanetaz hona zer dioen ezagutu duen Pierre Halsouet Senpertarrak : Matxinek apezak ez zituela sobera maite? Ez zait iduri hori erran ditakela. Batzuetan bertsutan atakatzen zituen. Jostatzeko kantatzen zuten eta apezek nahiago zuten zerbeit erlisioneaz erratea," Franck Dolosorrek bere liburuan idatzi duenaz. (114 or) Erretorari aiher izan baldin bazion ez zuen bere gogoa hark erranetarik haziko. Hona beste bi Senpertarren lekukotasuna. Jean Pierre Soudre-k Gogoan ongi hartzen zituen prediku ta epixtola. (Dolozor 101 or).  Mattin bertsolariak  berriz: Berak erraten zuen zakizkien denak predikuetarik ikasten zituela. (Dolozor 104 or.)

Batzu frantses bezain español besteak

Senperen ez digute aipatu zenbait urte lehenago bururatu Kubako gerla. Haizea Abrizketak mintzaldi interesgarria egin digu Baionan gai horretaz joan den urrian. Hor ikasi dugu 3.000 euskaldun hil zirela han. Kubako lehen gerla hasi zelarik 1869an, Euskal foru administrazioak Kubatarren aurka igorri zituela Batallones de Voluntarios de la libertad eta gero Euskal Legioa. Gipuzkoako Diputazioko literaturan irakurtzen dugu EUSKALDUNAK  idazten ahalko zuena 1914an: Luchando por el pretigio y mayor gloria de nuestra immaculada bandera, defendiendo con heroismo la integridad del territorio nacional. El pabellon de nuestra querida y catolica España... El amor entusiasta que Guipuscoa ha profesado siempre a la Madre España, nuestra amada patria... Cumplimiento de sacratissimos obligaciones eta abar.
Lore jokoak izan baitziren 1896an Arrasaten, Otaño txit agurgarriak izan zuen lehen saria, Kubako gerlaz idatzi 26 bertsoekin. Hona lerro zenbait:


Agur gerrari Españitarrak
batez ere Euskaldunak
...
gure dierri edo patria au
beartu izandu danez,
naiz serbitzeko orain bezela
premi aundirik izan ez
Euskal erriyak lagundu diyo
bere odola emanaz

Eta Kubatarretaz,  behin ere Barbier batek Alemanetaz idatziko ez zuena:

Orai dirala lareun urte
Kubatarrak zer ziñaten
piztiyen gisa larru gorririk
ortxen ikusten ziñazten,
gure aitonak erakutsiyak
jaten, izketan eta jazten
Hemen biba Frantzia bezala, han beraz Biba España. Jadanik idatzia izan dugu, duela ehun urteko jendeak ez direla gaurko begiekin ikusi behar, are gutiago jujatu eta kondenatu.

Bilatu