Jean-Baptiste Dirassar

Hiru emazte, laugarrena ez urrun...

Salbatore egunen karietara, Jean-Baptiste Dirassarrek Begiraleak elkarteari buruz idatzi du. Bere testuaren bidez taldeko sorreran parte hartu zuten hiru emazteak gogoratu ditu. 80 urte ospatu dituen elkartea da, baina zergatik hiru emazteek sortu zuten?

Donibane Lohizunen, Salbatore egunak ekarri duen asteburu luze hortan, kartsuki ospatu dira Begiraleak elkartearen 80 urteak. Begirale horiek adin polliterat helduak eta halere beti gazte, euskararen eta euskaldungoaren zerbitzari! Bainan bada gauzaño bat ainitzek ez dakitena edo noizbait jakin badute ere ahantzia dutena: hiru emazte izan ziren Begiraleak elkartea sortu zutenak. Hiru emazte, nolaz hori? Eta nun ziren bada gizonak? Denak lo? Arrunt alfertuak? Alde bat ostatuan? Ez erran otoi holakorik! Arrazoin berezi bat baitzen sortzaileak emazteak izaiteko eta bakarrik emazteak! Bitxi kausi ditake hori bainan bizkitartean egia da eta huna beraz zer nola gertatu zen...

1930-a irian, Hegoaldean, Alderdi Jeltzaleak sustatu zuen mugimendu berri bat. Nahi zuen emaztek parte hartzea alderdiaren bizian. Batzoki batzu baziren ordukotzat bainan batzokietan emazte guti ibiltzen. Guti edo baterez. Hots, emazteak ere mugi ziten sustatu zen gaitzeko oldarra. Hola sortu ziren emakume-batzarrak, Francoren garaian desagertu zirenak. Iparraldean, norbaiti  jin zitzaion gogorat gauza bera egiten ahal zela hemen  ere. Ez baitezpada Alderdi Jeltzalearen babespean, ez ere abertzale gogoarekin bainan euskara eta euskal ohidurak begiratzeko xedetan. Begirale agertuz beraz. 1934-ko uztailaren 20-an lehenik eta berriz agorrilaren  17-an,  emazte euskaltzaleak elgarrretarra ziten, dei bat zabaldu zen "Eskualduna" astekarian. Augusta Larralde izenpetua, ihardespenak hel-arazi behar "Gure Herria" aldizkariaren bitartez.

Ihardetsi zuen bakarra izan zen Madalena de Jaureguiberry xuberotar euskaltzalea. Bainan harremanetan  sartu zelarik Augusta delakoarekin jakin zuen deia luzatua zuen Augusta hori etzela emazte bat bainan gizon bat eta gainerat apeza! Badakizue nor zen? Piarres Lafitte! Elgarrekin egon ziren eta pentsatu zuten zabaldu deia berme, gehiagoko ihardespenik ez ukana-eta, berak behar zirela mugitu eta joan han eta hemen emazte batzuekin mintzatzerat, ja gisa bat edo beste euskararen alde agertuak ziren batzuekin. Hola beharbada sortuko zirela begirale taldeak.  Emazte taldeak, deia bera gisa hartarat hedatua izanik... Badirudi dotzena bat herritan izan zela zerbaiten abiadura bainan bazterrak Donibane Lohizunen ziren gehienik harrotu. Zendako Donibanen? Madalena de Jaureguiberry Xubero aldean bizi zen bainan usu jiten zen Donibanerat zeren-eta bere anaia bat bazuen mediku kondu hiri hortan plantatua eta hor familiatua. Gure xuberotarrak egonaldi asko egiten zuen Donibanen. Jende ainitzekin ezagutzak ere eginak. Eta  hiru emazte bildu zituen begirale talde baten moldatzerat: Maddalen Bribet, Elixa Aramendy eta Anttoni Lacarra. Hiru horiek zuten sortu Begiraleak bainan laugarrena, Madalena bera, ez batere urrun eta beti laguntzaile suhar. Herritar batzuk uste ukaiteraino hura zela ere Augusta!

Ixtanteko donibandar begiraleak hasi ziren "Supazter xokoan" antzerkittoaren prestatzen. 1935-ean jendea deitu zuten antzerki horren ikusterat eta elkarteari beste oldar baten emaiterat. Horiek izan ziren lehen urratsak. Geroxago, elkarteari  zabaldura handiagoa emaitea gatik, gizoneri ideki zuten, herriko euskaltzale guziak elgarrekin artzeko lanean... Geroztik, gizon eta emaztek denek elgarrekin segitzen dute bainan haste hartan emaztek zuten toki guzia hartzen eta orai badakizue beraz zergatik...

Bilatu