Iurre BIDEGAIN

Herriko etxe berri bat ukanen du Baigorrik

Baigorriko Herriko Etxea lekuz aldatuko da eraikin berri batera. Obrak hasiak dira eta urte batez iraunen dute. Gaur egungo herriko etxea komertzio eta elkarteen esku ezarriko dute.

Herriko plaza ere arramoldatu nahi du Herriko Etxeak. ©Gaizka Iroz
Herriko plaza ere arramoldatu nahi du Herriko Etxeak. ©Gaizka Iroz

Estatu frantsesaren legediaren arabera, herriko etxe guztiak elbarrituentzat egokituak izan behar dira. Legearekin bat etortzeko, Baigorriko Herriko Etxeak egoitza berri bat eraikitzea erabaki du. Gaur egungo herriko etxea komertzio eta elkarteak aterpetzeko erabiliko du. 

"Kalkuluak egin genituen eta ondorioztatu genuen hobe zela eraikin berri bat egitea", azaldu du Jean Michel Coscarat Baigorriko auzapezak. Gaur egun dagoenaren ondoan kokatuko da. Hasiak diren obrek urte bat iraunen dute. Herriko etxe berriaren lanak bukatu ondoren, gaur egungo eraikinaren egokitzapenari hasiera emanen diote. Auzapezaren erranetan, Estatuak, eskualdeak zein departamenduak finantziazioan parte hartuko dute.

Gaur egungo herriko etxe behereko espazioa komertzioentzat zuzenduko du. Oraingoz ez du hautatu zeintzuk kokatuko diren bertan. "Lehen solairuan elkarteentzat gelak sortuko ditugu. Haiek eskatua, aspalditik leku bat xerkatzen genuen eta hori egokiena iruditu zaigu", aipatu du Coscaratek.

Herriko etxe berriaz gain, Baigorriko plaza arramoldatu nahiko lukete hautetsiek. Hau da, "plaza autoz hustu" nahiko lukete. Auzapezaren erranetan, gaur egun karrikaren erdian aparkatzen dira eta oinez ibiltzen diren pertsonak segurtatu nahi dituzte. Gaur egun, karrika erdiko zirkulazioa arintzeko, desbideratze bat plantan eman dute. Coscaratek ohartarazi duenez, autobusek eta kamioiak ezin dira karrika erditik pasa hilabete honetan.

Ikastolak bizi berri bat

Herriko Etxeak eginen duen bezala, Baigorriko ikastola ere lekuz aldatu dute aurtengo ikasturtean. Lehenengo egoitza pribatua zenez eta "leku hertsia" zenez, plazara mugitu dira ikasle eta irakasleak. "Biziki kontent gara. Herriari bizi eta animazio gehiago ekartzen dio kokapen berriak", gehitu du auzapezak.