Iurre BIDEGAIN

Etxepare lizeo berriaren alde jo du Donostiako Herriko Etxeak

Donostiako Herriko Etxeak Bernat Etxepare lizeoaren aldeko kanpaina sostengatu du. "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpainaren karietara saldutako hogei sagarrondo landatu dituzte abenduaren 14ean Ametzagaña parkean.

Lizeoaren aldeko hogei sagarrondo landatu dituzte Ametzagaña parkean. ©Seaska
Lizeoaren aldeko hogei sagarrondo landatu dituzte Ametzagaña parkean. ©Seaska

Ikasturte honetan ateak ireki dituen Bernat Etxepare lizeoaren aldeko sostenguak biderkatuz doaz. Euskal Herri osoko herri andana batek egin dute bat "Hazten gaitu, hazten dugu" lema duen kanpainarekin. Donostia elkartasuna adierazi duen azken herria da. Eneko Goia auzapezak, hautetsiek zein Seaskako kideek hogei sagarrondo landatu zituzten abenduaren 14ean Ametzagaña parkean.

Iazko ikasturtean Seaskak kanpainaren berri eman zien Euskal Herriko hainbat Herriko Etxeri, horien artean Donostiakoa. Elkarteko kideek lizeo berriaren proiektua aurkeztu zien tokiko arduradunei eta segidan laguntzeko borondatea adierazi zuten. Babes hori atzoko ekimenean gauzatu zen. "Donostiako Herriko Etxearen keinua oso garrantzitsua da guretzat. Erakusten du sostengua edonorrena izaten ahal dela. Hiri handiek ere horrelako proiektu bat laguntzeko adostasuna lortu dezakete", aipatu du Estelle Goñi Seaskako langileak.

Hilabete hauetan Herriko Etxe anitzek bat egin dute kanpainarekin. Uztaritzeko Herriko Etxeak herritarrei zuzendutako kanpaina berezia sustatu du. Goñik azaldu duenez, 160 arbola saldu ditu Herriko Etxe lapurtarrak.

Gainera, Tolosako herriarekin senidetua denez, bertara ere elkartasuna hedatzea lortu du. Gipuzkoako herriak hamazazpi sagarrondo erosi ditu. Langilearen erranetan, heldu den urte hasieran ekimen bat antolatuko dute babes horren berri emateko.

Seaskak lizeoaren aldeko kanpaina udaberrira arte luzatzea erabaki du. Lortu behar zituen 300.000 eurotik 100.000 falta dituelako, hain zuzen. "Iaz indar handia jarri genuen eta kanpainak luzatzen direnean indarrak ere bidean galtzen dira", azaldu du langileak.

Abenduaren 16an sagarrondo banaketa bat antolatu dute lizeo berrian. Jende anitz hurbilduko dela espero du elkarteak. Orotara, 500 bat sagarrondo banatuko dituzte.