Iurre BIDEGAIN

Mixel Berhocoirigoin: "Bake prozesua ariketa on bat da herria eraikitzeko"

Iraganari, eta batez ere azken urte honi begira jarri da Mixel Berhocoirigoin. Luhusoko gertakariaren lehen urtemuga heltzear denean, abenduaren 16ko gertakaria egoera mugiarazteko elementu nagusia izan zela uste du. Ibilbide honetan euskal gizartearen papera funtsezkoa dela uste du bakearen artisauak.

Baikorra. Horrela sentitzen da Michel Berochoirigoin bakearen artisaua. Gauzak aldatuko direla errateko bermerik ez duela dio, baina hala ere, Justizia Ministeritzarekin sortutako lan espazioari esker urratsak egitea posible dela espero du. Itxaropena duen bitartean, bakearen artisaua errealista da. Luhusoko operazioaren urtemuga ospatzeko egun guti falta direnean, Gobernuaren aldetik keinuak lehenbailehen lortzea lehentasunezkotzat jo du.

Abenduaren 16an gertatutakoa Estatuaren eskema guztiak aldatu zituela uste du Berochoirigoinek. Haatik,  gamartarraren erranetan, Luhusokoa gertatu zen aitzinetik beste hainbat gauza gauzatu zirelako.

Gaur egun Paris eta Euskal Herriaren artean konfiantza bat sortu dela azaldu du. "Elkarri lotuak" daudela pentsatzen du bakearen artisauak. Konfiantza hori elkar elikatu behar dela dio. Abenduaren 9ko manifestazioa ondoren, Justizia Ministeritzaren ordezkariak egin adierazpenek eztabaidatzeko espazioaren irekidura baieztatu dutela erran du. "Publikoki bakoitzak bere ardurak hartu ditu",  ohartarazi du.

Ibilbide luze honetan, euskal gizartearen engaiamendua funtsezkoa izan dela nabarmendu du. "Jendearekin batera eraikitzen den Euskal Herriarekin amesten dut", aitortu du Berhocoirigoinek. Denen artean bakea sortu behar dela uste du. Halaber, bere aburuz, bake prozesuaren eraikuntza, ariketa ona da bakea eraikitzeko, baita herria eraikitzeko ere.