Kazeta

Lurra eta etxebizitzari buruzko hitzaldiak Aitzinaren eskutik

Etxebizitzei buruzko gaia sakonki lantzen ari da Aitzina, bere kanpaina berriaren karietara. Bigarren etxebizitzak agerian uzteko pegatinen bidez ekintza burutu ondoren, gaiari buruzko hitzaldiak antolatu ditu Ipar Euskal Herrian. Hendaia, Kanbo eta Donibane Garaziko gaztetxeetan mintzaldiak proposatuko ditu.

"Jauzi bat aitzina" txostena aurkeztu eta jendearen ekarpenak jasotzeko hainbat aurkezpen ekitaldi antolatu ditu Aitzinak. ©Isabelle Miquelestorena
"Jauzi bat aitzina" txostena aurkeztu eta jendearen ekarpenak jasotzeko hainbat aurkezpen ekitaldi antolatu ditu Aitzinak. ©Isabelle Miquelestorena

"Jauzi bat aitzina" txostena aurkeztu zuelarik, talde tematikoek feminismoa, euskara eta etxebizitzaren gaiak landuko zituela aitzinatu zuen Aitzinak. Duela guti pegatinen bidez bigarren etxebizitzak agerian uzteko borondatea plazaratu zuen mugimenduak. Orain, gaiari buruz hausnartzeko xedez, eztabaidak antolatu ditu Hendaia, Kanbo eta Donibane Garazin.

"Lurra eta etxebizitza" lemapean, hiru hitzordu antolatu ditu gazte antolakundeak. Abenduaren 16an Hendaiako gaztetxeak ekimena antolatuko du 19.00etan. Biharamunean, Kanboko gaztetxean elkartuko dira ordu berean. Azkenik, abenduaren 28an Garaziko gaztetxean 20.00etan tematika bera landuko dute parte hartzaileek.