Kazeta

Jean-Serge Nérinen hilketarengatik doluminak adierazi ditu ETAk

Eragin dituzten penak eta sufrimenduak aitortu dituzte Jean-Serge Nérinen hilketarengatik epaituak diren pertsonek, ETA erakundearen izenean. 2015eko kondenak berretsi dituzte epaileek.

Pariseko asisetan iragaten da epaiketa.
Pariseko asisetan iragaten da epaiketa.

Hilabete bat iraun du. 2010eko Jean-Serge Nérin poliziaren hilketarengatik epaituak dira berriz ETAko lau kide Parisen. Epaiketa horren karietara, bake prozesuaren aldeko engaiamendua berretsi dute  Xavier Goienetxea, Arkaitz Agirregabiria, Izaskun Lesaka eta Josu Urbietak. Izaskun Lesakak ETAren izenean testu bat irakurri du abenduaren 13 honetan, non familiari eragindako kalte eta sufrimenduak deitoratzen dituen.

"Jean Serge Nerin brigadier burua bertan hil zen ETAko kideek jaurtitutako tiroaren ondorioz" onartu dute ETAko lau kideek. Familiari zuzenean hitz eginez, orain arte erakundeak polizia baten heriotzean sekula erabili ez dituen hitzekin mintzatu dira. "Heriotza hura zinez sentitzen dugula jakinarazi nahi dugu publikoki, eta gure doluminak azaldu nahi dizkiegu bere sendiari. Errespetuz diogu, jakin ondo baitakigu ez dagoela halako mina baretzeko hitzik".

Kalte politikoak

Familiaren sufrimenduaz gain, hilketa horrek kalte politikoak ukan zitzakeela erran dute. Izan ere, horrelako gertakari batek kolokan jartzen ahal zuela ekintza ofentsiboak gelditzeko erabakia azaldu dute. Frantses polizia ez dela sekula ETAren jomugan izan oroitarazi dute.

Bakea dela orain erakundearen helburua ziurtatu dute. "Euskal herritarrek gure hitza dute egitasmo horretan gure konpromisoa osoa izango dela". 2015ean epaileek ezarritako kartzela zigor berak eskatu ditu prokuradoreak, eta horiek berretsi dituzte berriz. Hamalau urte Xavier Goienetxearentzat, 25 urte Arkaitz Agirregabiriarentzat, eta 14 eta 16 urte Izaskun Lesaka eta Josu Urbietarentzat hurrenez-hurren.