Xan Idiart

Kanboko auzapezak bere karguan darrai nahiz eta presente ez izan

Osasun arazoak dituela eta, azken bi herriko kontseiluak ez ditu zuzendu Kanboko auzapeza den Bernadette Jougleux-k. Hala ere, kargua ez duela utzi ziurtatu du haren lehen axuantak.

Vincent Bruren lehen axuanta zen Bernadette Jougleux, gaurko diputatua auzapeza zen garaian. © Kanboko webgune ofiziala
Vincent Bruren lehen axuanta zen Bernadette Jougleux, gaurko diputatua auzapeza zen garaian. © Kanboko webgune ofiziala

Azken bi herriko kontseiluetan ez du parte hartu Kanboko auzapeza den Bernadette Jougleux-k. Osasun arazoak ditu, baina lehen axuanta den Christian Devèzek ziurtatu du kargua ez duela utzi auzapezak.

"Urrunetik dena segitzen du" erran du Chistian Devèzek. Lehen axuanta ez zen azaroaren 27ko herriko kontseilura hurbildu. Ondorioz, anabasa izan zela salatu zuten oposizioko hautetsi batzuek. Txosten gehienak, zerbitzuetako zuzendariak aurkeztu zituen, hori ilegala delarik oposiziokoen ustez. Dena den, abenduaren 11ko saioa lasaiago iragan zen.

Oroitarazteko, 2017ko uztailaren 22an hartu zuen auzapez kargua Bernadette Jougleux-k. Berriki Pirinio-Atlantikoetako 6. bozkaguneko diputatu bilakatu zen Vincent Bruren segida hartu zuen.